Abuztuan zehar, Udal Jolas Igerilekua jolasteko gune are bereziagoa bihurtuko dute, batez ere, astelehen eta asteazkenetan. Betiko putzu eta txirristrez gain, ekintzak antolatu baitituzte bertan. Goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara egingo dituzte, asteko bi egun horietan. Debalde hartu ahal izango dute parte bertan dauden haur eta gaztetxoek, eta Hernaniko Kaxkardi KEEko begiraleen ardurapean egingo dira ekintzak.
Zazpi gune; horietako bat, igerilekuan bertan
Ekintzak egiteko, igerilekua eta ingurua zazpi gunetan banatuko dute; horietako sei zelaian egongo dira, eta bestea, igerilekuan bertan.
Zelaia horrela banatuko da: aurreneko gunean, bi ohe elastiko jarriko dituzte; bigarrenean, slack line-a; hirugarrenean, saskibaloiean eta mini saskibaloiean trebatzeko joku ezberdinak egingo dituzte; laugarrena ere, kirolekin lotuta egongo da, eta bertan jokatu ahal izango da volley ballean, futvolleyean, eta badmintonean; bosgarrenean jolas anitzak egingo dituzte; eta seigarrenean, ping pongean arituko dira.
Igerilekuko gunean, zazpigarrenean, aldiz, uretako jolasak egingo dira ordubetez, hau da, eguerdiko 13:00etatik 14:00etara.