«Denon artean nola eginen dugu, zazpi metxerorekin sua piztu?»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abu. 12a, 02:00

Duela 25 urte egin zen herri antzerkia berreskuratu, eta Goizuetan bazen hura, Goizuetan bada bihurtu dute aurtengo udaran, herriko musikari, aktore eta laguntzaileek. Horien artean, eskolako hainbat umek ere hartu dute parte, eta hain juxtu horietxek izanen dira astele­he­nean Amabirjinetako festei hasiera emanen dien itxaferoa pizteko ardu­radunak, esko­lako gainontzeko umeen ordezkari. Horie­txek baitira, Goizue­ta(n) izanen dela bermatuko dutenak.
Etorkizunarekin gehiegi kezkatu gabe, ordea, fiestak etorri zain dira Paula, Aiora, Itxaso, Beñat, Aitzol eta Jon (argazkian hurrenez hurren); Lo-renak ere piztuko du haiekin, itxaferoa, elkarrizketara etorri ezin izan badu ere. Nola, ez daukate oso garbi oraindik... «Denon artean nola eginen dugu, zazpi metxerorekin sua piztu?».

«Zezenak ikusteko igoak ginen lehendik, udaletxera!»
Herri antzerkian ibilita, seguru aise moldatuko direla udaletxeko balkoian ere. «Antzerkian ateratzeko konben­tzitu egin gintuzten! Baina azkenean, gustora aritu ginen. Erraza izan zen. Ez genuen entsaio askorik behar izan». 
Hala ere, badirudi oraindik erdi lo­tsatuta aterako direla goizuetarren au­rrera. «Hitz batzuk esan?», galdetzen dute. «Sua piztearekin, nahiko! Zuek hitz eginen duzue!», botatzen diote erronka, elkarri. Baina tokia behinik behin, ondo eza­gutzen dute. «Zuriñe Lujanbiok (zi­ne­gotzi ohia) esan zigun txupinazoa bo­tatzeko. Ilu­sioa egin zigun. Txupinazoa botatzeko ez, baina lehendik igoak ginen udale­txera, zezenak ikusteko!».
Behin itxaferoa piztuta, berehala jai giroan murgiltzeko asmoa daukate. «Lagunengana jaitsiko gara zuzenean. Eta buruhaundiak bazilatuko ditugu!».

Pilota partiduak eta musika, festa lehertu aurretik
Itxaferoari su eman aurretik, ordea, festa giroan murgilduta ibiliko dira denak, bihar bertan. Izan ere, Umeen Eguna izanen dute.
Itxaso, adibidez, Irumaita txaran­ga­rekin aterako da, urtero bezala, trikitixa jotzen. Beñatek, ordea, aurtengoan kale eginen duela dio. «Txindatekin atera izan naiz, baina aurten ez!». Tabernako lanaren aitza­kia jartzen du, brometan... «Oxe­guar­dakoa da-eta!».
Parrandarako gogoak, ordea, aitza­ki­ek baino pixu haundiagoa dauka... «Es­pu­ma festan ez gara gehiegi ibil­tzen... Baina pilota partiduak ikustera joa­nen gara!».

«Peñaren eguneko zezenak dira ikusteko onenak; grazia gehiago daukate!»

Fiestetan zezenak, eta... zezenak!
Biharko Umeen Egunak, beraz, fieste­tarako motorrak berotzeko balioko die, behin hasita, beste zenbat ekitalditan gozatzen duten ere aitortu baitute. Denen artean, bat bada, nabarmena... «Tiro pitxonen ibiltzen gara. Musika ere gustatzen zaigu; dantzan aritzea edo... Baina onena, zezenak ikustea! Gutxiegi daude!», diote. Bat baino gehiago dira, ordea, eta denak ez omen dira, berdinak: «Peñaren eguneko zezenak dira ikusteko onenak; grazia gehiago daukate!».
Gainontzean, herriaz gozatzeko egu­nak izanen dituzte. Izan ere, Goizuetak ze abantaila dituen ez dute oso argi ikusten baina... «Batzuetan hutsa izaten da herria! Baina besteetan, erraza da topo egiteko!». Eta hara non, fiestetan herrian bizi ez diren lagunekin ere egiten dute topo; «askok familiako etxea izaten dute hemen». Eta horrela, «kalean afaldu, ordu txikietan juergan ibili...». Hortxe, pagotsa ederra! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!