Zalantza asko argitu daitezke Galarretako gaurko erremonte jaialdian. Ohi bezala, 16:00etan hasita, lau partidu jokatuko dira, eta horietako bat, eguneko bigarrena, izango da Buruz Buruko prebiako azkena; gaur irabazten duena, Endika edo Ezkurra II, sartuko da larunbatean hasiko den Ligaxkan, txapela lortzeko bakarkako lehian.
Honek, beste hiru aurkari izango ditu, lehendik sailkatuak: Barrenetxea IV, Uterga eta Urriza. Baina azken honen partehartzea zalantzan dago oraindik. Izan ere, min hartu zuen larunbateko partiduan, eta oraindik atzo egindako mediku azterketako emaitzen zain dago.
Sakean, giltza
Gaurko duelua nahiko berdindua joango da. Endikak badaki iraganean atzelari ibilita ikasitakoa aprobetxatzen, eta aurrean ederki ibiltzen da. Ezkurra II, berriz, aurrelaria bada ere, iaioa da peloteoan, sakean eta tantoak bukatzen. Badirudi, buruz burukoetan ohikoa denez, sakean egongo dela giltza.
Gainontzean, beste hiru partidu ere jokatuko dira gaur: Beñat-Zubiri/Barricart-Labaka; Zeberio II-Ion/Uterga-Etxeberria III; eta Azpiroz-Garces/ Aldabe-Larrañaga.