Haur txikientzako liburuak egitean sortzen diren erronkei ondo erantzuteko, formazio-bekak ematen ditu Galtzagorri elkarteak. Aurtengoan, Marraz(i)Oak bekaren IX. Topaketak egingo dira irailaren 11tik 15era, eta 11 ilustratzaile aukeratu dira formazio hori jasotzeko; tartean, Ainara Azpiazu, Axpi ilustratzaile hernaniarra.
Irakurtzen ez dakitenentzako literatura
Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak egin lelopean egingo dira aurtengo topaketak. Elena Odriozola eta Gustavo Puerta izango dituzte irakasle Axpik, eta beste 10 ilustratzaile aukeratuek: Olaia Martinez, Saioa Burutaran, Maite Gurrutxaga, Anaitz Igoa, Ibon Markaida, Ainara Altuna, Helena Azkarragaurizar, Izar Etxeberria, Yolanda Yubero eta Iñaki Martiarenak.
Haur txikientzako liburuak nabarmendu egiten dira Haur Literaturan, Galtzagorri elkartearen esanetan, «bere konplexutasunagatik, zabaltzen dituen esperimentatzeko aukerengatik eta dakartzan komunikazio eskakizunengatik». Baina era berean, hainbat aurreiritziri egin behar izaten diete aurre: «literaturatik baino, jostailuetatik gertuago dagoen merkantziatzat hartzen dira, eta merkatuan nagusi den eskaintza kaskarrak ez du gehiegi laguntzen». Horrela, bi galderari erantzuten saiatuko dira: «haur txikientzako beste era bateko liburuak sortu al daitezke? Zertarako egin liburuak, oraindik irakurtzen ez dakitenentzat?».