Goizuetako fiestak hasiko dira ofizialki gaur zortzi, eta jaietan zer kantatu eta dantzatu aukeratzeko, Zuk aukeratu, zuk dantza egin lehiaketa jarri du abian Goizueta-Aranoko Prebentzio Batzordeak bigarrenez. Hasiera batean, aurreko astelehenera arte bidali ahal izanen ziren abestiak, baina epea luzatuta, bihar izanen da azkeneko eguna.
Lehiaketaren helburua da abesti bilketa bat egitea, tratu onak bultzatzen dituzten kantekin: «denon artean erabaki nahi ditugu festetan entzunen diren abestiak. Dibertigarriak, dantza egiteko modukoak eta giro ona sortzen dutenak izanen dira, eta ez erasotzaileak», azaldu dute.
Parte hartzeko, hiru bide
Lehiaketan parte hartzeko ez dago baldintzarik, ezta abesti kopururik ere. Besterik gabe, mezu bat bidali beharko da hiru bide hauetako batera: Whatsappez, 681 265 188 zenbakira; Laga Gizarte Zerbitzuen Facebookera; edo Laga Gizarte Zerbitzuen Twitterrera. Hainbat datu eskatuko dira: pertsonaren izena eta kontaktua, abestia eta taldea, eta nahi izanez gero, audioa.