Aurtengo Ostegun Musikatuei bukaera eman zion aurreko astean Ereñotzuko Irrintzi Tabernak, eta orain, balorazioa egiteko garaia iritsi da: «oso kontentu gaude, bai ni, eta baita jendea ere. Auzoko jendeak, beti bezala, oso ondo erantzun du. Gainera, Hernaniko jende gehiago gerturatu da».
Aurtengo gonbidatuak ere pozik daudela onartu dute: «oso gustora egon dira, harrituta bertako giroarekin eta bueltatzeko asmoz». Antolatzaileek adierazi dute, gainera, «artista onak, baina pertsona bezala, askoz ere hobeak» izan dituztela, «izugarri umilak eta jatorrak».
Eskerrak, jendeari
Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiete. Batetik, Peio Gorrotxategiri: «bera gabe hau ez litzakeelako posible izango». Bestetik, jendeari: «auzolana zer den ederki erakutsi du jendeak: eszenarioa montatzen, taldeak bilatzen, denean laguntzen dute eskatu gabe, eta ez dakigu nola eskertu; beti laguntzeko prest daude!». Gainera, onartu du: «abuztuan ere egiteko eskatu digute!».