Agerraldia egin zuten asteartean, Buruntzaldeko euskaltegien ikasturte berriari hasiera emateko, eskualdeko udaletako eta euskaltegietako ordezkariek. Urnietako Lekaio kultur etxean elkartuta, herritarrak animatu zituzten, aurten euskera ikasteko pausoa eman eta euskaltegira hurbiltzera: «apustu segurua eta merezi duen ahalegina da euskera ikastea. Euskera ikasiz, dena daukagu irabazteko, eta ezer ez galtzeko».
Euskaltegi guztietan, dagoeneko zabalik dago matrikula epea; Hernaniko Udal Euskaltegian irailaren 22ra arte, eta AEKn 29ra arte. Eta eskualde osorako, jarri dute erronka: «aurreko ikasturtean 946 ikasle aritu ziren Buruntzaldeko euskaltegietan, eta horregatik, Baietz 1.000 aurten! leloa errealitate bihurtzeko ilusioa daukagu», nabarmendu dute.
Aurten zortzi euskaltegi dira eskualdean, AEK-k zentro berria ireki baitu Urnietan.
Azpimarratu dute, gainera, euskaltegi guztiek daukatela eskaintza oso zabala eta askotarikoa, eta titulu homologatu guztietarako prestakuntza. Eta gogorarazi dute, «dirulaguntza haundiak» emango dituztela Buruntzaldeko sei udalek, bertako herritarrei, euskaltegietan euskera ikasteko.
«Buruntzaldeko euskaltegiak hazten ari gara»
Joseba Arbelaitzek, Hernaniko Udal Euskaltegiko zuzendariak, adierazi zuen «euskera ikasteak ate asko» zabalduko dizkiola ikasleari, «hala lanerako, nola harreman berriak egiteko». Gainera, nabarmendu zuen, eskaintza askotarikoa eta oparoa daukatela eskualdeko euskaltegiek: «hazten ari gara Buruntzaldeko euskaltegiak. Joan den ikasturtean, aurrekoan baino ikasle gehiago izan genituen, eta aurten ere hala izatea espero dugu».
Helburu ezberdinak dituzten ikasleek zabaldu zizkien ateak, Arbelaitzek: «titulua lortu nahi dutenei, euskera mantendu edo hobetu nahi dutenei, eta bereziki, euskaltegira aurrenekoz hurbiltzen direnei. Iaz horrelako dezente izan genituen, haien artean migratzaileak ere bai, eta ongietorria ez ezik, eskerrak ere eman nahi dizkiegu, egiten duten ahaleginagatik eta egiten diguten ekarpenagatik», azpimarratu zuen.