Loiolatarrak kirol elkarteak antolatuta, Batel Txapelketa izan zen pasa den astelehenean, San Inazio egunez, Loiolako festetan, haur, kadete eta jubenil mailako neska-mutilentzat. Bertan izan ziren baita ere, hernaniarrak, jubeniletako neskek ordezkatuta. Eta egon bakarrik ez, bandera ere eskuratu zuten!
Lanak ondo eginda, aurrenak
Jubenilen nesken bateleko kideak dena ematera atera ziren Loiolan. Hain zuzen, Maialen traineruko bost arraunlarik osatu zuten batela: Belen Oterok, Maitane Iraolak, Miren Lopezek, Patricia Trigok, eta patroi lanetan, Jone Pastor kadetea izan zuten beraiekin batera.
Bosten laguntza eta indarrarekin, lanak ederki egitea lortu zuten: 9 minutu eta 35 segunduko denbora egin, eta Loiolatarren Emakumeen XVIgarren Bandera eskuratzea lortu zuten. Hernaniarren atzetik geratu ziren, 11 segundura, Orioko neskak.
Garaipen berezia izan zen, gainera, Xabier Zabala nesken entrenatzailearentzat. Izan ere, Zabala loiolatarra da, eta bandera hori lortzeak asko hunkitu zuen bera ere. Hori dela eta, egindakoarekin oso pozik agertu zen.
‘Maialen’ Pasaian, bihar
Bandera eskuetan, Pasai Donibanen izango dira bihar Loiolako estropadan parte hartu zuten bost arraunlariak, oraingo honetan, Maialen traineruaren gainean.
Pasaiako VIgarren Ikurriña izango dute jokoan, eta Gipuzkoako Emakumeen VIIIgarren Traineru Ligako hamaikagarren jardunaldia izango da, baita ere. 17:30etan daukate zita, Pasaian.