Andorratik iritsi berri hitz egin du Kronikak Anartz Artolarekin, bertan sentitu zuenaren inguruan.
Lasterketa zaila izan dela onartu du: «inoiz egin dudan lasterketarik gogorrena izan da, inongo zalantzarik gabe». «15 kilometroko zirkuitua da, eta lehenenego 5 kilometrotan, ia 1.500 metroko desnibela akumulatzen genuen... Izugarria da!», azaldu du Artolak.
Baina Mikel Von Wichmann entrenatzailearekin batera, lasterketa aztertuta iritsi zen Anartz Artola gaztea Andorrara: «azken bi hilabeteetan lasterketa honen ezaugarriak aztertu eta distantzia eta aldapen lanketa espezifikoan zertratu gara». Horrek lagundu diola uste du: «egia esan, lasterketa egunean gorantz inoiz baino indartsuago ikusi dut nire burua».
Azken momentuko erabakia
Baina dena ez zen positiboa izan. Izan ere, Euskal Selekzioa sailkapen ofizialetik kanpo geratu zen, eta horrek, Artolari berari eragin zion: «aurreko edizioetan Euskal Selekzioak Mundialean selekzio ofizial bezala parte hartzeko aukera izan du, eta hasiera batean aurtengo edizioan ere horrela izango zela jakinarazi zitzaigun. Baina azken momentuko erabakien ondorioz, Euskal Selekzioa herrialdeen sailkapen ofizialetik kanpo uzteko erabakia hartu zuten.
Pena bat, Munduko Txapelketako lasterketan laugarren denborarik hoberena lortu nuelako hirugarren postutik segundu gutxira, baina sailkapen ofizialetik kanpo utzi gaituzte selekzio ofizial bat ez izateagatik...».
Ondorioz, emozio kontrajarriekin bueltatu dela onartu du: «pena eta amorru izugarria sentitu dut, hortxe ikusi naizelako munduko hoberenekin lehiatzen, eta gainera, lehenengo postuengatik borrokan. Baina, aldi berean, izugarrizko pozarekin egindako deboraldi honengatik, inongo momentuan ez genuen planteatzen aurten, besteak beste, Zegama-Aizkorrin podiumera igotzeko aukera eta Munduko txapelketan lehenenego postuetan ibiltzeko aukera izango genuenik...».
Eta horregatik guztiagatik dio, «datorren urteko denboraldia inoiz baina hobeto prestatzeko gogoz bukatzen dut aurtengoa».