Uztailaren 15ean hasi zen prebia motorrak berotzen, eta dagoeneko hemen da erremontezaleek gehien estimatzen duten txapelketa: Buruz Buruko Kutxabank Txapelketa. Hogeita hamabosgarren edizioa aurkeztu zuten atzo, prebia bukatzeko bi partidu besterik geratzen ez direnean. Bata, larunbatean, eta bestea, hurrengo asteartean.
Izan ere, gaur jokatzekoa zen Endika eta Aizpuru IIIren artekoa, baina bigarrenak, sorbaldako minaren ondorioz, txapelketa utzi behar izan du, eta beraz, Endikak jokatuko du astearteko partidu erabakigarria. Segurola eta Ezkurra IIren arteko larunbateko lehia irabazten duenaren kontra jokatuko du, hain zuzen. Beraien artean egongo da, beraz, Bukaerako Ligaxkarako txartela.
Bukaerako Ligaxka, hilaren 12tik 29ra
Prebiaren ondoren egingo dute Bukaerako Ligaxka, aurten lau pelotariren artean: Barrenetxea IV, Uterga, Urriza eta prebian sailkatzen dena (Endika, Segurola edo Ezkurra II).
Denek denen kontra jokatuko dute Ligaxka abuztuaren 12tik 29ra bitarte. Aurreneko sailkatua zuzenean Finalera pasako da; bigarren eta hirugarrenaren artean Finalerdia jokatuko dute; eta azkenik, laugarrena, kanporatua izango da.
Partiduak astearte eta larunbatetan izango dira, beti bezala, 16:00etatik aurrera, Galarretako frontoian.
Barrenetxea IV hernaniarra «uste baino askoz ere hobeto» iritsi da.
Urriza, bosgarrenaren bila
Bukaerako Ligaxkan zuzenean izango dira Urriza, aurreko urteko txapelduna, eta Barrenetxea IV hernaniarra, azpitxapelduna. «Txapelketa konpletoena» dela onartu zuten biek, eta dena ematera aterako direla.
Urrizak bosgarren txapelarekin amesten du dagoeneko, baina gero eta zailagoa dagoela dio: «ilusio haundiarekin nator, baina gazteak gero eta prestatuago daude».
Barrenetxea IVk, aldiz, baja luze baten ondoren egingo du buelta. «Bajan izan nintzen duela hiru hilabete, eta uste baino hobeto iritsiko naiz. Aurreko urtekoa berdintzea da helburua, eta ahal bada, gehiago lortzea!».
«Indarra eta bultzada behar du erremonteak»
Aurten ere, Kutxabankek patrozinatutako txapelketa izango da Buruz Burukoa, eta horregatik, atzoko aurkezpenean egon zen Arrate Agirrezabalaga, erakundeko ordezkaria: «txapelketa hau batzen dugun indarraren laguntzaz gauzatzen da, eta antolatzen den ilusioak bultzatzen gaitu patrozinatzen jarraitzera. Indarra eta bultzada behar baititu erremonteak».
Laguntza horrengatik eskerrak eman zizkion Xabier Gonzalez Oriamendi 2010eko gerenteak Kutxabanki, eta argi esan zuen: «publikoarentzat urteko txapelketa garrantzitsuena da». Eta bide horretatik jarraitzeko, adierazi zuen: «ea aurtengoan ere, partidu politak uzten dizkiguten». Era berean, animatu egin zituen erremontezaleak Galarretara bertaratzea.
EGUTEGIA:
PREBIA BUKAERA
-Etzi: Segurola-Ezkurra II.
-Asteartean, abuztuak 8: etziko irabazlea-Endika.
LIGAXKA
-Abuztuaren 12 eta 29a bitartean, astearte eta larunbatetan.
-Lau pelotarik jokatuko dute: Urrizak, Barrenetxea IVk, Utergak eta prebiako irabazleak.
FINALERDIA
-Irailaren 2an: Ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuaren artean. Laugarrena, kanporatua izango da.
FINALA
-Irailaren 9an: Ligaxkako aurreneko sailkatua zuzenean pasako da.