Otsailean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza iragarri ostean, dagoeneko hasiak dira Iberoko dorrea eraberritzeko lanak. Azkenean, lanak Kulturako Zuzendaritza Nagusiak eginen ditu, eta 524.266 euroko aurrekontuarekin, Zubillaga S.A. Eraikuntza-enpresari esleitu zitzaion obra, pasa den maiatzean. Sei hilabeteko epea dauka lanak bukatzeko.
Dorrea berritzeaz gain, Goizuetako eta Leitzako Udalek bertara eta ingurura joateko bideak egin eta aparkalekua jarriko dute, dorreari erantsitako baserria kontserbatuko dute, eta Erdi Aroko burdinolaren hondakinei balioa emanen diete. Nafar Gobernuak azaldu duenez, lan horiek auzolanean eginen dira, eta Kultura Sailaren lankidetza izanen dute.
Era berean, Erdi Aroko zubia berritzeko proiektua ere idatziko du Kultura sailak, bertara oinez iristeko bitarteko izateko.
Hitzarmena, Udalekin
Lan horien bueltan, hitzarmena sinatuko dute Goizueta eta Leitzako Udalek eta Nafar Gobernuko Kultura, Kirola eta Gazteriako sailburuak «dorrearen parajeari eta Iberoko Erdi Aroko burdinola zaharrari balioa emateko, herritarrek gozatzeko aukera sustatzearekin eta erraztearekin batera, ezagutu, preziatu eta errespeta dezaten».