Abuztuaren hasierarekin batera, udarako denboraldiari emango diote hasiera Galarretako frontoian. Gaurtik aurrera, eta hilaren bukaerara arte, astearteetan ere izango da erremonteaz gozatzeko aukera; beti bezala, arratsaldeko 16:00etan hasita, Galarretan.
Banakako txapelketaren prebia, hasteko
Eta denboraldia ez dute nolanahi hasiko, Banakako Kutxabank txapelketako prebiarekin baizik. Oraingoan, Ezkurra II eta Azpiroz izango dira aurrez aurre. Partidu horrekin estreinatuko dute astearteetako zita, baina beste hiru ere izango dira, bikotekakoak denak: Zeberio II-Endika/Matxin III-Barrenetxea IV; Goikoetxea V-Etxeberria III/Aldabe-Ion; eta Beñat-Larrañaga/Barricart-Martirena.
Ezkurra II, faborito
Banakako Kutxabank Txapelketaren prebiako partidua izango da gaurko berezitasuna. Ezkurra IIa aterako da faborito, Azpirozen aurretik, frontoian daukan esperientziagatik. Azpirozek, ordea, ez dio garaipena oparituko, eta beraz, norgehiagoka interesgarria izango da seguruenik.