Udaleko hainbat sailek elkarlanean osatu dute Udaparkean 2017 egitasmoa. Lehengo urtean egin zen aurrenekoz, eta izandako harrera ona ikusita, bihartik larunbatera hainbat arte diziplina uztartzen dituen programazioa eskainiko da Ave Maria parkean, berriro.
Ibilaldia, akrobazia ikuskizuna eta musika, hasteko
Bihar, arratsaldeko 18:30etan, hirugarren adinekoei zuzendutako Ttapa-Ttapa ibilaldia egingo da, Atsegindegitik Ave Mariara.
Ondoren, 19:30etan, Rojo Telon taldeak Haiek naiz dantza eta akrobazia ikuskizuna emango du, eta 22:00etan, Afu taldeak reggae, ska, flamenkoa edota musika afrikarra nahasten dituen kontzertua emango du.
Zinea, jolasak, eta ikuskizun gehiago
Hurrengo egunetan ere, bestelako hainbat ekintza izango dira: haurrentzako Txantxariak edo Oker pelikula, Compañia Uparte edo Dantzaz Konpainiaren ikuskizunak edota Oreka TXen kontzertua.
Bertan jateko aukera
Programazioarekin gozatzeaz gain, parkean afaltzeko aukera ere izango da, etxetik eramandakoarekin edo Lakari kooperatibak jarritako postuko jakiekin. Bertako eta sasoiko jakiak salduko dituzte bertan.