Gipuzkoako patroiaren omenez jai giroa, Santa Barbaran

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 31a, 02:00

Jai eguna dute gaurkoa gipuz­koarrek, San Inazio eguna baita. 1556ko uztailaren 31n hil zen Loiolako San Inazio, eta horixe dakar gogora, gaurko egunak.
Hernanin, Santa Barbara er­mitan ospatzen da, eta aur­tengorako ere, egun osorako egitaraua prestatu dute.

Musika, meza eta herri kirolak, goiz-pasa egiteko
Kotxea utzi, eta oinez igo beharko da gaurkoa Santa Barbarara. Baina ahaleginak izango du saririk. Izan ere, goizeko 10:00etan hasita, festa giroan murgilduko da gora abiatzen den guztia.
Hain zuzen, trikitilariak ha­siko dira jai giro hori jar­tzen, goizeko 10:00etan. On­doren, 11:30etan lore eskaintza egingo da, txistulariak lagun, eta bertsolaririk ere ez da faltako: Eli Pagola eta Beñat Mujika izango dira aurten. Hauek, trikitilariak bezala, egun osoan zehar izango dira Santa Barbaran.

Soinujoleak eta bertsolariak egun osoan zehar ariko dira giroa jartzen.

Meza ordua eguerdiko 12:00e­­tan jarri dute, eta hura bukatuta, 13:00ean, herri kirol desafioa izango da. Bi talde ariko dira aurrez aurre. Batean, Juan Esnaola aizkoran ariko da, Iñigo Ormazabal txingekin, eta Maika Ariztegi lokotxetan eta ingudearekin. Bestean,  be­rriz, Aritz Esnaola izango da aizkorarekin ibiliko dena, Mi­kel Loidi txingekin, eta Irene Iz­kue lokotxetan eta ingudearekin.
Nahikoa izerdi botata, in­darrak berreskuratzeko tartea izan­go da, Santa Barbara jatetxean bertan. Herri baz­karia egingo da. Dena den, Santa Barbaran lekurik hartu ez eta gabe gelditu denak, Saretxon izango du aukera, menu berezia prestatu baitute gaurko, trikitilari eta guzti.

Jolasak eta musika gehiago, lehertu arte dantzan aritzeko
Bazkalondorenean aurrera se­giko du festak, 16:30ak in­gu­ruan hasiko diren haur jo­lasekin; txokolatea ere izango dute, meriendatzeko. Eta 17:30etatik aurrera, baz­karitan bapo egindako guztiek izango dute tartea, dantzan jarri eta sabelak zertxobait arintzeko. 
Arratsaldeko 19:00ak arte izango da musika, eta herrira jaitsiko dira gero, egunari bukaera emateko.

Gipuzkoako patroi, hernaniarrek ere maitatua
Azpeitiarra, Loiolakoa zen Inazio, baina hil zenetik 64 urtera, 1620an, Gipuzkoako patroi izendatu zuten Zu­maian egin zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Ordutik, jai eguna da uztailaren 31, Gipuzkoa osoan, eta baita Hernanin ere. Bada, gainera, Loiolako Inaziorekin halako lotura bat izan duen hernaniarrik ere. Hain zuzen, Agustin Kardaberaz (Hernani, 1703-Bolonia, 1770) euskal idazle eta teologoa. Jesuita izan zen, eta Inazio Loiola­koari buruzko hiru liburu idatzi zituen.
Dena den, Jesusen konpa­ñia, Inazio Loiolakoaren eta Jesuiten jarduna ezagun egin duena, dudarik gabe, San Ina­zio­ren Martxa izan da. Her­na­ni­ko makina bat etxetan kan­ta­tu izan da, eta baita San Joa­netako Iragarpen Kontzer­tu­an ere. Hemen jasotzen den hau omen da aurreneko ber­tsioa, Iztuetaren Guipuzcoaco dantza gogoangarrien con­dai­ra edo istoria beren soñu zar eta itz-neurtu edo versoaquin libu­ruaren bigarren edizioan ar­gitaratua. 

EGITARAUA
10:00 Trikitilariak.
11:30 Lore eskaintza. Eli Pagola eta Beñat Mujika bertsolariak eta txistulariak.
12:00 Meza, bertako ermitan.
13:00 Herri kirolak: Juan Esnaola, Iñigo Ormazabal eta Maika Ariztegi, Aritz Esnaola, Mikel Loidi eta Irene Izkueren kontra.
14:00 Herri bazkaria Santa Barbara jatetxean: paella, entrekota, tarta, kafea eta kopa.
16:30 Haur jolasak eta txokolatada.
17:30 Erromeria.
19:00 Herrira jaitsiera.
*Antolatzaileak: Morkaiko eta S.J.K.
Laguntzaileak: Udala eta Santa Barbara jatetxea.

SAN YNACIOREN MARCHA

Juan Inazio Iztueta idazle eta folkloristaren liburu
batean bildua (1824). Hitzak: Agustin Pascual Iturriaga. 
Jatorrizko doinua: XVIII. mendeko Marche de la Marine doinuan 
oinarritua; Iztuetak herritik jaso zuena.

Ynacio gure patroi andia
*Jesusen compañia*
Fundatu, eta dezu armatu,
Ez da ez etsairic
Jarrico zaizunic,
*Yñolaz aurrean*
Gaurco egunean,
Naiz betor Lucifer deavrua (+)
Utciric infernua.
Zure soldaduac
Dira aingeruac,
Zure guidaria
Da Jesus andia,
*Garaitu ditu zure compañiac*
Etsaiac;
Ez dauca fedeac,
Ez cristau nereac,
Ez dauca beldurric
*Yñongo aldetic,*
Ynacio or dago,
Beti ernai dago,
Armetan jarria
*Dauca compañia,*
Chispaz armaturic,
Banderac zabalic,
Gau, eta egun,
Guc guztioc paquea degun,
Beti gau eta egun.

(+) Aurreneko idazkeran, borratuta, baina ‘aingerua’ 
irakurri daiteke eskuizkribuan
.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!