Egun osoko festa izango da astelehenean, San Inazio egunean, Santa Barbarako tontorrean, urtero bezala.
Baina besteetan ez bezala, bazkari herrikoia antolatu da aurten, Santa Barbara jatetxean bertan. Eguerdiko 14:30etan jarri dute hitzordua, eta paella, entrekota, tarta, kafea eta kopa izango dira bazkaritarako, 25 euroan. Bihar arteko epea dago izena emateko, Aralar tabernan edota Santa Barbara jatetxean bertan.
Bazkariaz gain, ordea, beste hainbat ekitaldia izango dira, egun osoan zehar.
Musika, jolasak eta herri kirolak
Festa giroa jartzen hasiko direnak trikitilariak izango dira, goizeko 10:00etan; Gari eta Iñaki ariko dira horretan. Ondoren, 11:30etan lore-eskaintza egingo da, eta Eli Pagola eta Beñat Mujika bertsotan ariko dira. Txistulariak ere gertu ibiliko dira.
Eguerdiko 12:00etan, berriz, meza izango da Santa Barbarako ermitan, eta 13:00etan, herri-kirolak; Juan Esnaola, Iñigo Ormazabal eta Maika Ariztegi batetik, eta Aritz Esnaola, Mikel Loidi eta Irene Izkue bestetik, aizkoran, txingekin, lokotxetan eta ingudearekin.
Bazkalondorenean, 16:30etan, haur-jolasak eta txokolatada izango dira, eta 17:30etan, erromeria. Herrira jaitsita bukatuko da festa.