Urko Semperenak garaipen bikoitza, aurreko asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 22a, 02:00

Azkeneko lasterketetan eraku­tsitako maila bikaina berretsi zuen Donosti Berri taldeak, aurreko asteburuan, Gipuzkoa­ko Taldekako Erlojupeko Txa­pel­­ketan. Garaipen haundia lortu zuen jubenilen taldeak, Urko Semperena astigartarra tartean zela. Ia 47 kilometro orduko abiaduran osatu zuen 35 kilometroko ibilbidea boskoteak, eta 15 segunduren aldea atera zion Limousin tolosarrari.
Kadeteak, berriz, txapeldunorde izan ziren, Jaime Romero eta Telmo Semperena astigartarra tartean, Atracciones Sanz taldearekin 13 segundu gal­duta. 42 kilometro orduko abiaduran osatu zituzten 25 kilometroak.
Eta hurrengo egunean, beste sari bat ere lortu zuen Urko Semperenak, Aiegin: tarteko helmugak irabazi zituen. Ihes egiten aurrenekoa izan zen astigartarra, eta beste zortzi txirrindulari aurrena, eta hiru gehiago gero, batu zitzaizkion. Erritmo biziak, hainbat txirrindulari atzeratu zituen, baina eutsi egin zion Semperenak; esprinta lehiatzeko indarrik gabe, hori bai, eta 6garren izan zen helmugan. Taldekako sailkapena ere irabazi zuten.
Kadeteak Azpeitian aritu ziren igandean, eta protagonista izan zen Telmo Semperena, bi aldiz ihesean ibilita. Harra­patu zutenean, ezin izan zion lasterketa buruari eutsi azken igoeran, eta 13garren iri­tsi zen.
Gaur, Txapel Gorri proba daukate kadeteek, Ordizian; eta bihar, Euskadiko Erlojupeko Txapelketa izango du Urko Sem­perenak, Iturmendin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!