«Txupinazoa botatzeko aukerarekin, herriaren eta Santio jaien parte sentiarazi gaituzte»

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 22a, 02:00

Galtzaur elkartea aukeratu dute aurten, Santio jaietan pregoia irakurri eta txupinazoa botatzeko. Zer sentipen sortzen dizkizue horrek?
Ilusioa egin digu, noski. Berezia da urte hau, gainera, eman diren zirkustan­tzi­engatik: Astigarragaren desanexioatik 30 urte bete dira, eta Galtzaur elkartea­ren inauguraziotik 35 urte.
Honek, herriaren batasuna sentia­raz­ten digu. Gazteen eta adinekoen arteko elkarbizitza, nahiko berezkoa da Astigarragan, eta horrek erakusten du herria batuta dagoela. Beraz, polita izango da txupinazoa botatzea, noski. Arrautzak botatzen ez badizkigute, behintzat... (barrez).
Aurten eskatu duguna da, pregoia bi hizkuntzatan izatea: gaztela­niaz eta euskeraz irakurriko dugu guk biok, bakoitzak hizkuntza batean. Izan ere, herrialde askotako jendea dago hemen, eta garrantzitsua da guztiok elkar ulertzea. Hala ere, garrantzitsua da, baita ere, euskeraz ulertu ahal izatea guztiok. Eta horregatik, guk ere emango ditugu pausoak, Galtzaurren bertan. Programa bat jarriko dugu martxan, euskera pixka bat ikasten hasteko edo genekiena berreskuratzeko.

Esanahi berezia izango du Galtzaurrentzat, txupinazoak?
Uste dugu baietz. Askok ez zuten ima­jinatu ere egingo, jubilatuek txupinazoa bota genezakeenik. Baina zergatik ez? Jendeak ez du esperoko, eta harrituko dira pixka bat. Hala ere, badira gazte asko, gustora egiten dituztenak ekin­tzak adineko jendearekin. Kontua da, adi­nekoek, askotan, ez daukatela moti­bazioa herriko edo elkarteko gauzetan inplikatzeko. Elkarteko bazkide egiten dira eta kitto, baina partehartze haun­diagoa izan dezaten nahiko genuke.
Adinekoekin elkarbizi izan duten gazteak dira saiakera gehien egiten dutenak, adinekook parte hartzeko herriko ekintza desberdinetan.

Zuek biok irakurriko duzue pregoia, beraz. Zer transmititu nahi duzue?
Gogora ekarri nahi ditugu bi urteurren berezi horiek: Astigarragaren desane­xio­aren 30 urteak, eta Galtzaur elkar­tearen inaugurazioaren 35 urteak. Eta bestalde, zoriondu nahi ditugu komer­tzioak eta elkarteak, egindako bidea­ga­tik, onena opa beraiei, eta esan espero dugula bide beretik jarraitzea; ahal den heinean, gainera, elkarrekiko adiski­de­tasun haundiagoarekin.

Txupinazoa zuek botatzea, astigartarren omenaldi bat da Galtzaur elkarteari...
Ez genioke omenaldia deituko. Iru­ditzen zaigu, gehiago dela gu, Galtzaur elkartea eta jubilatuak, Astigarragaren eta Santio jaien parte sentiaraztea. Beste guztiekin batera parte hartu dezagun nahi izatea. Hitz gutxitan esanda, herria sentitzen gara.
Beraz, baloratuta sentitzen zarete herrian.
Bai, baloratuta sentitzen gara, sentitzen dugu beharrezkoa den kolektibo bat garela. Hala izango ez balitz, Galtzaur ez litzateke existituko.

1982ko uztailaren 16an inauguratu zuten, orduan jubilatuen kluba deitu zutena, Astigarragako Batzokiaren aretoan.

Esan bezala, 35 urte dira Galtzaur elkartea sortu zela. Zer dakizue zuek, elkartearen sorrerari buruz?
Guk askorik ez dakigu, dokumentuetan jasota dagoenetik harago. 1982ko uztai­laren 16an inauguratu zuten, arratsal­deko 19:00etan Astigarragako Batzo­kiaren aretoan, jubilatuen kluba zena. Victor Maizcurrena Aguirrezabala izan zen aurreneko presidentea, eta ordutik beste asko izan dira. Guk dagoeneko bost urte daramazkigu.
Batzokian bertan elkartu ziren hasieran, eta gero kultur etxera mugitu zen Galtzaur. Eta 2003ko martxoan inauguratu zuen Eli Laburuk, orduko alkateak, gaur egun Galtzaur elkar­te­a­ren egoitza dena.
Gu gazteagoak ginen, elkartea sortu zen garaian, eta ez genuen gertutik bizi izan. Eta garai hartan elkarteko kide ziren gehienak, dagoeneko ez daude gure artean. Anekdota eta istorio gutxi ezagutzen ditugu, beraz.

Zuek hasi zinetenetik gaur arte, zein eboluzio izan du elkarteak?
Hori ez genuke guk esan beharko, gainerakoek baloratuko dute… Baina entzun dugunagatik, hobera egin du elkarteak, eta ez gutxi. Eta horren froga da, zuzendaritza taldea aldatzeko garaia iristen dela, eta inork ez digula erreleboa hartu nahi, guk jarraitzea nahi dutela. Jarraipena daukagu, beraz gauzak ez dira gaizki joan.
Egoitzako bazkideen jokabidean edo izaeran, bestalde, izan da aldaketarik. Garai batekoak, ez dut esango egoi­tzaren adiktuak zirela, baina bai oso finkoak Galtzaurren, asko inplikatzen ziren eta denbora asko ematen zuten egoitzan. Oraingoak, berriz, gutxiago inplikatzen dira; irteeretara eta horrela­koetara animatzen dira, baina egoitzan ez dute hainbeste parte hartzen. Oso gutxi etortzen dira egoitzara. Hein batean, lotsa daukatelako gauzak egi­te­ko, orain txupinazoarekin bezala. Aizu, ba herrikoak gara gu ere, zergatik ez dugu egingo? Hemen gaudela erakutsi behar dugu, ahal dugun gehiena.
Momentu honetan, 332 bazkide gara Galtzaurren. Eta badira jubilatuak he­rrian, ez direnak Galtzaurren sartzen, lotsagatik. Kopurua mantendu egiten da, batzuk hil egiten diren heinean, bazkide berriak ere sartzen direlako; baina pixkanaka beherako joera dauka, beharbada.

Eta zenbat bazkide izan ditu Galtzaurrek, 35 urteko historian?
Ba hori jakiterik ez daukagu. Izan ere, garai batzuetan ez dira gauza batzuk behar bezala egin, eta gertatu da, bazkide bat hiltzen zenean, zerrendatik ezabatu eta bere zenbakia bazkide berri bati ematen ziotela. Beraz, horrela ez daukagu jakiterik, zenbat izan diren guztira. Saiatu izan gara kontuak ate­ratzen, eta 350 bazkide baino gehiago ez dira inoiz egon. Guztira, berriz, oraintxe 915 bazkide daude kontabili­zatuta, baina esandakoa, batzuk ez dira agertzen, ezabatu egin zituztelako; Victor Maizcurrena aurreneko presi­dentea bera, adibidez, ez da agertzen. Beraz, izan litezke 1.000 bazkide baino gehiago Galtzaurren historian, baina ezin dugu ziur esan.

Badira hamar urte inguru, zuek bazkide bezala sartu zinetela. Nola ikusten zenuten elkartea kanpotik?
Aisialdirako elkarte bat bezala perzi­bi­tzen genuen Galtzaur, eta hori da bere izaera, hain zuzen ere. Oraingoek ez dakit nola ikusten duten, baina egia da, ekintzetan parte hartzen dutenak, ia beti direla berdinak.

Nolako ekintzak antolatzen dituzue?
Gauza asko egiten ditugu: eskulan tailerrak, dibertitzeko jokoak, martxa erregulatuak, irteerak, bazkariak, 80 urtekoei omenaldia, Santo Tomas eguneko txistorrada… Ekintza batzue­tan, luntxa ere jarri izan dugu, jendea erakartzeko. Eta proiektu ezberdinak ere badauzkagu: memoriarekin lotuta­ko bat, edota euskera ikasteko edo berres­kuratzeko beste bat, adibidez.

Eta Santioak, nola ospatzen dituzue? Zer egiten duzue?
Azkeneko urteotan, Xaguxarreko gazte­txoentzat igelaren jokoa antolatu izan dugu, eta gero luntxa prestatzen diegu. Aurten ez dugu egingo, dagoeneko udalekuak bukatuta izango dituztelako, eta egoitzako obren pendiente geun­de­lako oraindik. Oso positiboa izaten da igelarena, haurrak gogotsu etortzen dira. Eta berdin musika eskolakoak etorri izan direnean, adibidez. Gu oso partehartzaileak gara, ahal dugun neurrian.
Antolatzen ditugun jolasak ere ez ditugu izango aurten, obren kontua­ga­tik. Bai egingo duguna da, urteroko herri bazkaria, egoitzan bertan; eta koru bat ere ekarriko dugu, Trintxer­pe­ko pentsiodunen elkarteko abesbatza, hain justu.

«35 urte hauetan, 1.000 bazkide baino gehiago izango zituen Galtzaurrek, baina ezin dugu ziur esan».

Egoitzako obrak aipatu dituzue. 2016ko aurrekontu partehartzaileetan aukeratu zen Galtzaurren egoitza hobetzea. Zertan da?
Urtarriletik dator kontua, orduan ez zekiten obrak noiz hasiko ziren ere. Eta gero, esan ziguten ekainean hastekoak zirela obrak. Eta horrek suposatzen zuen, arazo bat geneukala Santio jaietan bazkaria egiteko. Izan ere, esan ziguten herrian bertan ez zegoela beste tokirik bazkaria egiteko, beste ekintza batzuk zeudelako; eta kanpora joatea ez zitzaigun egokia iruditzen, nahiago genuen herrian bertan egin, denak hemen egoteko. Horregatik, eskatu genuen obrak atzeratzea, eta abuztuan hastea. Beraz, datorren hilean hasiko dira, eta espero dugu irailaren hasie­rarako edo erdialderako egongo direla bukatuta. Izan ere, gu irailean martxan jarri behar gara berriro.

Zein izango dira hobekuntza horiek?
Aurrekontu partehartzaileetan aukera­tua izan zenean, Udalarekin bilera bat egin genuen, adosteko zein hobekuntza behar genituen. Horrela, batetik, zer­bi­tzuak areagotuko dira; besteak beste, ezintasunen bat dutenei mugikorta­suna eta irisgarritasuna errazteko. Bestetik, sukaldea berrituko da, gas bidezkoa jarriz eta itxura berria emanez eta osatuz, mostradorea aldatuta eta hozkailua jarrita, adibidez. Leihoak ere aldatuko dituzte, oraingoekin hotza eta beroa asko sartzen direlako. Eta hortik aurrera, pintatu ere egingo dute, eta horrelako lan txikiagoak.

Eta hobekuntza horietatik harago, zer gehiago behar du Galtzaurrek, hazten jarraitzeko?
Batez ere, jendea gehiago inplikatzea, kolaborazio haundiagoa izatea bazki­deen aldetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!