Pintorea, eskultorea... «Lerrokatu ez nazaten saiatzen naiz. Jendea harritu egiten da egiten dudana ikustean, eta horixe da bilatzen dudana». Argi ikusten da hori, Victor Goikoetxearen azken lanean.
Urretxuarrak Hernanin egiten ditu lan eta bizi, eta Donostian jarri berri du azken lanekin osatutako erakusketa; De la Figuración a la Materia. Hernani Kaleko 21garrenean dagoen VetusArt galerian ikusi daiteke irailaren 23ra arte, 11:00-13:00 eta 17:00-20:00, astelehen goiz eta igandeetan izan ezik. Izaten ari den harrerarekin pozik dago artista: «Hernaniar asko inguratu zen inauguraziora!».
«Beti izan dut interesa, ikuslearen eta obraren artean sortzen den erlazioarekiko»
Erakusketak hiru zati ditu. Batean, bi koadro hipererrealista jarri ditu Goikoetxeak. «Ezaguna naiz pintura figuratiboa egiteagatik. Obra hauek zuzenagoak dira eta jendeari gehiago gustatzen zaizkio, ulergarriagoak dira».
Beste zati batean, MiramArt tuneleko lanari lotutako piezak jarri ditu. «Beste espazio batean nola funtzionatzen duen ikusi nahi nuen».
Azkenik, ‘Termomodelatuak’ deitu dion teknika berritzailea erabilita osatu dituen lanak jarri ditu ikusgai. «Aldatu den bakarra teknika da. Ez ditut material arraroak erabili; saiatu naizena da, beste ikuspegi batekin erabiltzen. Material industrialekin esperimentatzen dut. Ikertu egin ditut formak, argia, bolumena, kolorea... eta emaitza harrigarria izan da. Azken batean, bilatzen dudana da sentsazioak sortzea. Bakoitzak ikusten duena ulertzeko modu propioa du, baina gutxienez, bilatzen dut ikusleak ez dezala axolagabekeria erakutsi. Sorpresa sortu nahi dut. Beti izan dut interesa, ikuslearen eta obraren artean sortzen den erlazioarekiko, eta erakusketa osatzen duten serie guztiek horrekin daukate lotura».
«Artea da pasioa, lana, diziplina eta zorte pixka bat»
Aurpegiko emozioen irakurgailua
Obrak sortzen dituen erreakzioak neurtzeko saiakera horretan, beste pauso bat ere eman du Goikoexeak. Donostiako Kale Nagusian, VetusArt galerian jarritako erakusketari lotutako bi eskultura jarri ditu. «Parisko Operako tailerrekoak dira. Akabera klasikoa zuten, eta nik ‘Termomodelatuak’ teknikarekin aldatu ditut. Hauei lotuta software bat jarri dugu, aurpegiko emozioen irakurgailu bat. Artea eta teknologia batu ditugu. Galdera zuzen bat egiten zaio horrela ikusleari, galderarik egin gabe. Horrela, obra, ikuslea, erakusketa jarri den espazioa eta artistaren arteko erlazio hori bilatzen dut, berriro ere».
Goikoetxeak onartzen du «arriskua hartzea» dela, «ikuslearen aurrean zure burua ikusgai» jartzen duzulako. Baina horixe jakitea gustatzen zaio. «Horrek guztiak hausnarketa pertsonalerako balio du; jakiten dut ea jendeari interesatzen zaion egiten dudana, ea sortutako erreakzioak nik nahi nituenak izan diren... Inguratzen nauen guztiaren gainean hausnartzen saiatzen naiz. Guztia behatu eta hausnartzen saiatzen naiz, zalantzan jartzen, eta plastikoa, PVCa, harri hautsa... Beste inguruetan ohikoak egiten zaizkigun gauzak artelan izan daitezen saiatzen naiz».
«Hemen, arteaz bizitzea miraria da»
Eta erreakzioak neurtu ahal izateko, ikusleak behar. Horregatik, azpimarratzen du denentzako artea egiten duela. «Erakusketa hau ere gardena, alaia, dibertigarria da. Jendeari gustatzea eta bakoitzari sentsazio desberdina sortu diezaiola bilatzen dut. Adituentzako ere egiten dut lan, noski. Baina nire lana denengana iristea bilatzen dut. Askotan pentsatzen dugu artea ez dela ulertzen, eta irudi horri ihes egiten diot. Pasioarekin egiten dut lan, gogoz, profesional asko bezala, eta ilusioz ekiten diet lan guztiei».
Hori guztia, izandako arrakastaren giltza izan daiteke. «Hemen, arteaz bizitzea miraria da. Azken batean, artea da pasioa, lana, diziplina eta zorte pixka bat. Brotxa lodiko margolaria nintzen, eta gero, ikastea erabaki nuen. Baina hemen ez da ahalegina baloratzen. Gainera, hemen, EHUn eta orokorrean, teoria gehiago izaten da, praktika baino. Horren aurrean, ni ikasten saiatu nintzen; tresna asko erabiltzen ikasten, ondoren, adierazi nahi dudana adierazteko». Horri esker, obra bakoitzak bere esanahia izaten duela onartzen du, «baina garrantzitsuena da jendea etortzea, eta bere sentsazioak bizitzea».