Santio jaiak direla eta, aurten ere ez da trafikoa herrigunetik pasako, jaiek irauten duten bitartean; uztailaren 28ra arte izango da hori, zehazki. Horren ordez, urtero bezala, Bidebitarte poligonoan barrena bideratuko dute trafiko guztia.
Hortaz, poligonotik sartu beharko dute autobusek ere, eta poligonoan bertan egongo dira bi autobus geltoki, ohiko tokietan, eta bi norantzetan.
Aurreneko geltokia, Portutxoko errotondatik sartuta, Biurrarena enpresaren ondoan egongo da kokatuta. Eta bigarrena, Lekuederreko errotondaren inguruan, poligonoko errepide nagusia eta Urumea kalea gurutzatzen diren puntuan izango da.
«Eragozpenak ulertuko dituzuelakoan, aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu», adierazi du Udalak, ohar baten bitartez.