Buruntzaldea Txapelketako finalak, eskuz, larunbat honetan jokatuko dira, eta final erdietako azken partiduak, berriz, aste honetan zehar; gaur, bi, tartean etxekoak direla. Bestalde, Gasteizen, palan ariko dira beste bi hernaniar.
Bi final erdi, frontoian
Goizeko 11:00etan hasita, kadete eta nagusien mailako final erdi bana jokatuko da frontoian, eta bietan izango dira hernaniarrak. Kadeteetan aurrez aurre ariko dira lau hernaniar: Salaberria eta Garmendia, Larrañaga eta Zugastiren kontra. Seniorretan, berriz, Pagolak Ugalde izango du lagun, Etxezarreta eta Biainen kontra.
Gasteizen, palan
Ez dira hauek, ordea, hernaniarrek gaurkoan jokatuko dituzten partidu bakarrak; Gasteizko Ogeta frontoian ariko dira gomazko paletan, Irazustabarrena eta Mendizabal hernaniarrak, Martin eta Saezen kontra. Ondoren, profesional mailako partidua jokatuko dute eskuz, Olaizola II goizuetarrak eta Imazek, Artola eta Larunberen aurka.
Errenterian, ezin
Bestalde, hernaniarren azken partiduei dagokienez, Ojuel eta Aizpuruk galdu egin zuten Errenteriako finala, 22-16, Azketa eta Arratibelen kontra.
Olaztiko txapelketa herrikoia
18 eta 6, zori aldakorreko emaitza!
Hernanitik kanpo pelotan aritzen den hernaniarren artean, Eñaut Esnaola, normalean Urnietarekin aritzen dena, Olaztiko Txapelketa Herrikoia irabazita bueltatu da, Iñigo Lauzirika gasteiztarra lagun zuela. Hiru maila ziren aukeran, eta aurrenekoan jokatu dute. Ligaxkan bi partidu irabazi (18-9 eta 18-8) eta bat galdu (18-6) zituzten, eta finalerdietan, 18-14 irabazi, Altsasuko bikotearen kontra. Finalean, pasa den igandean, lehenago 18 eta 6 eginda irabazi zien Etxarriko bikotea izan zuten berriro aurrez aurre, baina «gurea emateko prest» agertu ziren Esnaola eta Lauzirika, eta partidu ona eta serioa jokatuta, 18 eta 6 berriro, baina oraingoan irabazi egin zuten. «Emandako mailarekin eta txapela irabazita oso pozik» agertu da.