Pil-pilean dago DBHren eraikin berriaren gaia, eta EAJren jokabidearekin desadostasuna erakutsi du, beste behin, EH Bilduk: «aurreko legealdian onartu zen DBHrentzako behin betiko kokagunea, Aranibar inguruan, hilerriaren azpialdean, EAJren oniritziarekin. Hezkuntza Delegaritzak ere ez zuen oposiziorik adierazi. Orain, aldiz, EAJk eremu horren gaineko aitzakiak plazaratu ditu, gurasoen zein Hezkuntzaren aurrean zalantzak piztuz», azaldu du EH Bilduk. Eta horren aurrean, kritikatu du, «onartutako proiektua gauzatzen eta babesten lagundu beharrean, oztopoak jartzen» aritu dela EAJ; eta horren ondorioz, bi urte eta erdian ez dela «aurrerapauso bakar bat ere» eman.
Hori horrela, udal arkitektoari eta aholkulariari eskatu zien, txostena egin zezaten, «aitzakia horien inguruan. Txostenek argi utzi dute, EAJren aitzakiek ez dutela inolako oinarri juridiko ezta teknikorik. EAJk zioen, eremua ez zela irisgarria, oinezkoentzat eta bizikletentzat; eta arkitektoak argi utzi du guztientzako irisgarria dela. Zioen goi tentsioko dorreak bideraezin egiten zuela eremua; eta Iberdrolak berak esan zuen soluzioa egon badagoela. EAJk esan zuen, eremu horretan ezingo zela eraikuntza lanik egin; eta arkitektoak argitu du, inguru horietan beste lan asko egin direla eta ez dagoela inolako arazorik. Eta EAJk zioen, DBH partzela integratzen den eremu urbanistikoa ez dela bideragarria; eta arkitektoak zein aholkulariak garbi azaldu dute eremu urbanisitikoaren bideragarritasunak ez duela baldintzatzen DBHren partzela garatu ahal izatea», azaldu du.
DBH batzordea, eskatuta
EH Bilduk adierazi du, aitzakia gabe geratu dela EAJ, baina hala ere, bitartean hainbat gurasorekin izandako bileretan, kokagune alternatibo bat landu duela: «oso larria da, urratsik eman ez eta gainera prozesu guztia berriz hasteko beste planteamendu batekin egotea». Horregatik, DBH batzordea deitzea eskatu du EH Bilduk: «bertan proposatuko dugu, guztion artean DBH errealitate egiteko kronograma bat eztabaidatu eta lantzea; horretarako, gurea lantzen ari gara. Berriro adierazten dugu gure prestutasun osoa, EAJ, PSE-EE, Guraso Elkartea, eskolako zuzendaritza eta gainontzeko herritarrekin, hezkuntzan dauden erronkei elkarlanean aurre egiteko».