Bi dokumental saridun egongo dira ikusgai Udako Zinemaldian

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 23a, 02:00

Aurten ere film dokumentalen Udako Zinemaldia antolatu da Hernanin. Emanaldiak bi jardunalditan banatu dira: uztailaren 26ean (asteazkena) bata eta 27an (osteguna) bestea.
Aurtengoan ere emanaldiak udaletxeko arkupeetan izango dira, 22:30etan hasita. Asteazkenean, lehen egunean, aipaturiko orduan, Colo­urs of Resilence (2014) eskainiko da.
Siriako gerratik ihesi Jordanian dagoen Zaatariko errefuxiatuen kanpalekuan milaka eta milaka haurren inguruko lana da.
Elkartasunaren bidetik, erresilientziaren koloreak margotzen dituen dokumental honek Sirian batzuk bizi duten egoera gertutik ezagu­tzera hurbilduko du ikuslea.
Ostegunean eta ordu berean bigarren emanaldia egongo da. La Once dokumental txiletarra eskainiko da.
Duela 60 urte hilero tea hartzera elkartzen diren bost emakume adinduen solasaldiak azaltzen dira film honetan. Aktualitatearen joera batzuk ulertzen ez dituzten arren, iragan amankomuna gogo­raraziz eta pairatzen di­tuzten gaitzak une batez ahaztuta, oraindik indarrean daudela erakusten ahalegintzen dira.
Txilen bildutako sariez gain, munduko beste zortzi herrialdetan saritu dute Maite Alberdik zuzendu duen film dokumental bikain hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!