Betiko berezitasun, betiko gozagarri, Santio jaiek diete, aranoarrei ekarri!

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 22a, 02:00

Goizeko 11:00ak ez dira izanen oraindik, laurden gutxi akaso, aranoarrek esku artean daukatena utzi, handik eta hemendik gerturatu, eta Udaletxearen aurrean biltzen hasten direnean.
Uztailaren bukaera gerturatzen ari da, eta hori festa giroaren sinonimo da Aranon. Gaur lehertuko dira Santio jaiak, itxaferoak zeruan eginen duen eztandarekin batera!

Arkume jate herrikoia, jaien estreinako egunean
Baina itxaferoa bota aurretik hasiko dira prestatzen, goizean goiz, urteroko zita nagusietako bat. Gaur eginen dute arkume jate herrikoia, jaien estreinako egunean. Zazpigarren edizioa izanen da aurtengoa, 14:00etan hasita, eta arkume goxoaz gozatuo dute 200 pertsonek, 180 heldu eta 20 umeek. Bazkal ondorea, gainera, Andoni fenomenuak girotuko du, musikarekin.
Biharkoan ere, izanen dituzte zita bereziak. Aurrena, pilota partiduak jokatuko dituzte gaztetxoek. Ondoren, feria paratuko dute, urtero bezala, frontoiko karpan; eta ez du huts eginen, ezta ere, patata tortilla lehiaketak.

Gaur izanen da arkume jate herrikoia, eta Andoni fenomenuaren musikak alaituko die bazkal ondorea, bertaratuei.

Txokolate beroa izanen dute arra­tsaldea goxatzeko merienda, azienden aurrean ibiltzeko gero.
Mural margoketarekin hasiko dute astelehena, umeentzako jolasekin eta herri afariarekin borobilduko dutena. Norberak eraman beharko du jatekoa eta edatekoa, baina giroa eta musika, Joxe Elortza eta Iñaki Larrañaga triki­ti­lariek jarriko dute.
Eta egun nagusia, Santio eguna, asteartearekin tokatu da aurten, baina beti bezain betea dator!

 

GAUR, uztailak 22
Goizean, Arkumea erretzen jarriko dute plazan.
11:00, Festei hasiera emango dien itxaferoa botako dute, Udaletxeko balkoitik.
11:30, Hamaiketakoa, jubilatuentzat.
14:00, VI. Arkume jate herrikoia. Andoni fenomenuaren musikak girotuko du bazkal ondorea.

BIHAR, uztailak 23
11:30, Pilotari txikien arteko partiduak, frontoian.
12:00, Feria eta urteroko patata tortilla lehiaketa.
17:00, Txokolatada.
18:00, Arno ganadutegiko aziendak.

ETZI, uztailak 24
11:00, Mural margoketa.
17:00, Umeentzako jolasak.
21:00, Herri afaria, norberak eramandakoarekin, Joxe Elortza eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin.

ASTEARTEA, uztailak 25
12:00, Arano eta Goizuetaren arteko ohiko pilota partidua. Aranotik Huizi eta Lizeaga, eta Goizuetatik Salaberria eta Apezetxea.
17:30, Aizkora apustua: Aizarnako Luis Txapartegi eta Ezkurrako Moises Gogortza, eta Errezilgo Arria V eta Aranoko Xauxar baserriko Joseba Izeta.
19:00, Bertso saioa: Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Eneko Lazkoz eta Jexux Mari Irazu.

*Mezak: gaur eta asteartean, Santio egunean, goizeko 10:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!