Alokairu sozialeko 6 etxebizitza zozketatzeko oinarriak, onartuta

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 22a, 02:00

Asteazkenean bildu zen Asti­ga­rragako plenoa, eta lantzeko zeuzkaten puntu guztiak onartu zituzten. Eta puntu bat gehi­a­go txertatzea ere onartu zen, gai ordenari heldu aurretik, Zar­ku­­mendegiko zabalpenari buruzkoa; lehiaketaren behin behineko onarpena atzera bota, eta enpresekin hitz egin ondoren berriz onartzea. EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bildu bost abstentzioekin (zinegotzi bat ez zen plenoan izan) onartu zen puntua.
Boto banaketa berarekin onartu zen kreditu aldaketa bat egitea, 523.996,03 eurokoa. Andoni Gartzia EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuen beraien abstentzioa: «plenoak onartu zuen kontuhartzailearen proposamena, kreditu hori ez txertatzekoa, proiektu ba­tzu­­en zenbatekoak ezagutu arte. Eta abstenituko gara, nahiz eta jaso diren proiektuekin ados egon, beste proiektu garran­tzitsu batzuk falta direlako». Eta modu berean, azaldu zuen ez daudela ados herrian hiru radar jartzearekin, gehiegizko abiaduraren arazoa konpon­tzeko beste aukera batzuk daudelako. Zorione Etxezarraga alkateak erantzun zion, Udal­tzaingoaren txosten bat jaso dutela hori proposatuz, eta aintzat hartu dutela.
Boto banaketa izan zen, tokiko garapenerako batzorde kudeatzaileko ordezkoak izendatzerakoan ere: Nerea Zus­be­rro eta Jon Arregi izango dira ordezkoak. Kontra bozkatu zuen EH Bilduk, «alderdi bozkatuena izanda, ordezkaririk ez daukagulako bertan».

Bost puntu, aho batez
Aldiz, aho batez onartu zituen bost puntu, asteazkeneko plenoak: 2016ko Kontu Orokorra; udal ordainsarien urteko %1eko igoera; Astigarragako parroki­a­rekin lankidetza hitzarmena eta usufruktu kontratua sina­tzea; Gipuzkoako Foru Al­dun­di­a­rekin hitzarmena, infor­ma­zioa elkarri uzteko; Uru­mea kaleko 6 eta 10 zenbakietan, alokairu sozialeko sei etxebizi­tza zozketatzeko oinarriak; eta Santiomendiko natur eskola eta aterpeko kontratua luza­tzea, Sasoi Sport enpresarekin.
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten azkenik, adieraziz neurrigabekoa dela Altsasuko gazteei eskatu zaien zigorra, eta Udalak erabateko desadostasuna eta bere kezka erakutsiz. Kontra bozkatu zuen PSE-EEk, «gertaerak oso larri­ak» izan zirelako, eta alde EAJk, «gertatu zena larria izan arren, desproportzionatuak direlako zigor eskaerak».
Galderen puntuan, Gartziak aipatu zuen, besteak beste, ja­kin dutela «monjen konbentua hustutzera dijoazela, eta Udala bertan izan dela, eraiki­na esku­ratzeko interesa azal­duz». Etxe­zarragak erantzun zion, alkate gisa deitu zutela monjek, agurra emateko, baina hortik aurrera, momentuz ez dagoela ezer: «nondik jakin du­zue interes horren berri? Kamarak jarri di­tuzue?». Eta Gar­tziak eran­tzun: «oso oker ez gabiltza, hori galdetu duzuenerako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!