Orain dela 40 urte, 1977an, Askatasunaren ibilbideak Euskal Herriko herri eta auzo ugari zeharkatu zituen. Atzo, uztailaren 20an, Udako Kalera Martxa hasi zen Gernikan, eta uztailaren 27an bukatuko da Lakuntzan, «askatasunaren borrokak etenik ez baitu», ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez.
Udako Kalera Martxa, uztailaren 25ean iritsiko da Hernanira, asteartearekin; eta egun horretan, ekitaldi ezberdinak burutuko dira herrian; besteak beste, Tilosetan izango den herri afaria. Herri afarian parte hartzeko, txartelak salgai daude Garinen.
Udako Kalera Martxari harrera, arratsaldeko 18:00ak aldera egingo zaio Galarretan, handik Tilosetara abiatzeko, ekitaldiak bertan burutuko direlako.
Udako Kalera Martxa ekimenak, hernaniarrei ekitaldi horietan parte hartzeko deia luzatu nahi die.
Preso, iheslari eta deportatuen aldeko martxa
Martxan parte hartzeko, izena eman beharra dago, eta ohiko lekuetan eskuratu ahal izango dira horretarako txartelak. Preso, iheslari eta deportatuen aldeko ibilbide bat da, zortzi etapakoa. Helburua euskal errepresaliatu politiko guztiak Euskal Herriko kaleetara, modu sinbolikoan, ekartzea da.
Antolatzaileek dei egin diete herritarrei, martxan parte har dezaten, batez ere gazteei. «Kalera Martxa jendez bete behar dugu. Kolektiboari babesa eman behar zaio. Bere eztabaida estrategikoa ia bukatzear dagoenean, sentitu behar dute ezker abertzaleko militantziaren maitasuna eta berotasuna. Barrutik entzun behar dituzte gure urratsen soinuak, askatasunaren urratsak», gaineratu dute.
«Gatazkaren ondorioak behingoz konpontzeko eskatu nahi dugu», adierazi dute.