Gozatu parkeaz, ikuskizunak uztartuz

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 20a, 02:00

Arte diziplina ezberdinak uz­tartuz eta adin guztietarako, eskaintza anitza eta zabala prestatu du Udalak, Ave Maria parkean, datorren asterako.
Udaparkean egitasmoaren bigarren edizioa aur­keztu zuten atzo, datorren ostegunetik larunbatera, Ave Maria parkea gozamenerako toki bilakatu nahi duena, «adin guztietako jendearentzako». Pasa den urtean izan zuen harrera onak animatu du Udala, berriz antolatzera.

Adinekoentzako ekintzak hilaren 27an, eta haur eta gazteentzako 28an
Aurten, badira berrikuntza na­barmenak. Adin guztietarako antolatu dira ekintzak, eta ostegunean hasiko dira, arra­tsaldeko 18:30etan, Ttapa Ttapa  ibilaldiarekin. Adinekoei zuzen­duta dago, eta Atsegindegitik abiatu eta Ave Maria parkean amaituko dute paseoa. 
Gaztelekukoek eta kale hezi­­­tzaileek ere, haurrentzako eta gazteentzako ekintzak antolatuko dituzte. Ostiralean, arra­tsaldeko 18:30­etan hasiko dira jolasak haurrentzat, eta gazteek ere izango dituzte jokuak.
Ostegunean, Rojo Telón talde bilbotarrak, Haiek naiz dantza, zirku eta akrobazia ikuskizuna eskainiko du, 19:30etan. Ondoren, 22:00etan, Barañaingo Afu taldekoek, reggae, ska, flamenkoa eta musika afrikarrak joko dituzte kontzertuan.
Ostiralean, berriz, Mur­tziako Compañia Upartek Todo encaja lana eskainiko du. Sei lagunek osatzen dute taldea, eta dantza eta akrobazia ikuskizunak eskaintzen dituzte. Agurtzane Aizpuru kultur teknikariaren hitzetan, «emanaldi ikusgarria da, eta oso fisikoa». Eta azkenik, 22:00etan, Oker pelikula jarriko dute. Euskeraz da, gaztelerazko azpi­tituluekin, adin guztietarako.
Eta azkeneko egunean, la­runbatean, beste bi saio egongo dira. Txoriak dantza izango da bat, Mikel Labo­aren musikarekin osatuta. Dantzaz Kon­painia taldearen eskutik, lehen aldiz izango da Her­nanin, Euskal Herri mailan ezaguna den dantza taldea. Formakuntzan dauden 12 dan­tzarik eskaintzen dute ikuskizuna. Eta amaitzeko, Oreka TX taldearen kon­tzertua egongo da, gaueko 22:00etan hasita. Bere azken lana, Silex ikuskizuna, eskainiko dute.

Udaleko sail ezberdinen arteko elkarlana
Luis Intxauspe alkateak, bere aldetik, azaldu zuen «Udaleko sail ezberdinen arteko elkarlanaren emaitza» izan dela egitasmoa: kultura, parekidetasuna, zerbitzu sozialak, gazteria, turismoa, euskera, hezkuntza... Teknikari eta zinegotzi desberdinak egon ziren aurkezpenean.
«Helburua da, udaran Her­naniko aisialdi eskaintza za­baltzea, haur, gazte eta helduentzat; eta gainera, naturarekin uztartuz, Ave Maria parkea bezalako paraje batean», adierazi zuen Intxauspek.
Hiru egunetan zehar, afari-merienda egin daiteke parkean. Lakari kooperatibak, «bertako, sasoiko eta osasungarriak diren jaki goxoak» salduko ditu parkean bertan.

 

UZTAILAK 27, osteguna
18:30etan, Ttapa-Ttapa ibilaldia Atsegindegitik Ave Maria parkera.
19:30etan, Rojo Telón taldearen eskutik, Haiek Naiz, dantza, zirkua eta akrobaziak. Denontzat.
22:00etan, Kontzertua: Afu Taldea. Reggae, ska, flamenkoa...

UZTAILAK 28, ostirala
18:30etan, Jolasak haurrentzat: Urtxintxa Aisialdi Taldea, Txantxariak.
3-8 urte, ordu eta erdi.
19:00etan, Ekintzak gazteentzat, Gaztelekua eta Kale Hezitzaileekin. Ordubete. 12 urtetik gorakoentzat.
20:00etan, Dantza-akrobaziak: Todo encaja, Compañía Uparteren eskutik. Denontzat.
22:00etan, Zinea: Oker. Zuzendaria: Stuart McDonald. 95 minutu. Guztientzat. Euskeraz; azpitituluak gaztelaniaz.

UZTAILAK 29, larunbata
20:00etan, Dantza: Txoriak, Dantzaz konpainiaren eskutik. Guztientzat.
22:00etan, Kontzertua: Silex ikuskizuna, Oreka TX taldearen eskutik. Guztientzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!