ekaineko plenoan urgentziaz jorratu zen eskola haunditzeko EH Bilduk eta PSE-EEk batera aurkeztu zuten mozioa. Gainera alderdi guztien aldeko botoekin onartu zen, «EAJk plenoko gai ordenean mozioa txertatu ez arren» adierazi dute EH bildu eta PSE-EEk batera argitaratu duen prentsa oharrean.
EH Bilduk eta PSE-EEk mozioa aurkezteko lehen helburua eskolaren haundipena martxan jartzea izan zen. Mozioan handipenaren lehen fasea jaso zen: txikien jangela haunditzea eta bi solairutan bina ikasgela lortzea, guztira, 4 ikasgela. Soluzio honek 2022-2023 bitarteko espazio arazoak konpontzea ahalbidetuko luke.
«Mozioa lantzeko garaian EAJrekin ez kolaboratu izana salatu zuen EAJk» baina EH Bilduk eta PSE-EEk mozioa maiatzaren 26an aurkeztu zutela eta ordutik EAJk egindako adierazpen bakarrak proposamena gutxiesteko prentsan egindako adierazpenak izan zirela gogorazi diote bi alderdiek.
EH Bilduk eta PSE-EEk eskolaren behin-betiko soluzioa haundipen honekin iritsiko zela ukatu zuten baina soluzioaren urrats ezinbestekoa zela babestu zuten. «Gainera, EAJren proposamen zehaztugabearen aurrean, proposamena egingarria, diruz lagungarria eta merkeagoa zela berretsi zuten».
«EAJ bere proposamen zehaztugabea babesten saiatu zen. EAJren ikuspegitik eraikin berri oso bat egitea omen da soluzioa» baina EH Bilduk eta PSE-EEk gogorarazi dute «eraikin berri bat Hezkuntza Sailak diruz ezingo luke lagundu eta soluzioa denboran gehiegi atzeratzea lekarkeela ohartarazi genuen».
Azkenean, proposamena aho batez onartu zen. «Aurreko legealdiko haundipena mespretxatuz eta irainduz eskolaren gaia liskar politikora zabaldu zutela ahaztuaz, orain, eskolaren haundipena liskar politikorako gai bilaka ez zedin argudiatuta eman zion EAJk proposamenari bere baietza».
Proposamena aurrera aho batez atera izana oso positiboa dela uste dute EH Bilduk eta PSE-EEk. «Batetik, egindako proposamena ona zela onartzen delako. Bestetik, eskolak behar duen soluzioaren zati garrantzitsu bat martxan jartzen delako».
«Behin proposamena onartuta, plenoaren erabakia errespetatzea eta denbora beste zerbaitetan galdu gabe, ahalik eta azkarren irtenbidea martxan jartzea» eskatu zioten EH Bilduk eta PSE-EEk, «batik bat, hezkuntzaren diru-laguntza epeak ate joka daudelako». Emaitza ezin hobeak ikusita, aurrera begira ere honelako lan-dinamikak bideratzen jarraitzeko konpromisoan berretsi dira EH Bildu eta PSE-EE. yy