«Egunak gero eta luzeagoak dira, beroa egiten du, eta gero eta pereza gehiago ematen digu etxera afaltzera joateak», dio Berriak elkarteak. Eta zer egingo horren aurrean? Ba Kaxuelitaren Hamabostaldia antolatu dute, herriko lau tabernatan: Joxemarin, Tripontzin, Atxurren eta Caserion.
Gaur hasi eta uztailaren 30era bitarte, kaxuelitak eskainiko dituzte egunero. Taberna bakoitzak, bere kaxuelita berezia prestatuko du: Joxemarin, bakailu kaxuelita; Tripontzin, langostino eta hirugihar kaxuelita; Atxurren, txanpinoi kaxuelita; eta Caserion, txipiroiak tintan kaxuelita.
Aurreratu dutenez, «arrazoizko prezioetan» dastatu eta gozatu ahal izango dira kaxuelita guztiak.