Pelota partiduekin goizean, eta Skate Txapelketarekin eta kontzertuekin arratsalde-iluntzean, hasi zen giroa pizten atzo, Kaxkoan. Baina gaurkoa izango dute egun haundia, aurtengo Karmen jaiek.
Mezarekin eta dianarekin hasiko dute eguna, eta eguerdiko 12:00etan lehertuko da festa, txupinazoarekin. Eta orduan biziko dira jaietako momentu berezienak: alkate makila hartuko dute Iñaki eta Juan Carlos Garmendia Alberdi anaiek. «Oso pozgarria izan da guretzat, oso garrantzitsua; egindako lanaren errekonozimendu bezala hartu dugu», kontatu dio Iñakik Kronikari.
Makina bat urte egin dituzte biek, Zinkoenea tabernan: «70 urte egingo zituen Juan Carlosek bertan, eta nik 4-5 gutxiago. Aitonak eta amonak ireki zuten taberna, eta orain familiakoek jarraituko dute, Jonek eta Ainarak. Ea beraien eskutik iristen den taberna 100 urte betetzera. Zifra magikoa da hori». Izan ere, 1923ko uztailaren 23an jarri zuten Zinkoenea taberna martxan.
Jubilatu berritan izendatuko dituzte Kaxkoko alkate: «orain arte behetik ikusita, gaur guk alkate makila hartzea, poz haundia izango da».
Beste lau merkatari jubilaturi ere, omenaldia
Beraiek alkate makila hartu ondoren, beste lau merkatari jubilatu berri ere omenduko dituzte bertan: Mari Fé Lucas Moral, Rosi Arbona Goienetxea, Iñaki Imaz Etxeberria eta Ana Munduate Iruretagoiena.
Eta hortik aurrera, bazkari herrikoiak, karta eta kaleko jokoek, puzgarriek, eskulanek, txokolatadak... hartuko dute Kaxkoa, sardin-jate tradizionalarekin bukatzeko, iluntzean, aurtengo Karmen jaiak.
KARMEN JAIAK 2017
GAUR, Kaxkoan
09:00, Meza Agustindarren elizan, Kaxkoko hildakoen omenez.
09:30, Diana.
12:00, Jaien hasierako txupinazoa. Alkateak: Juan Carlos eta Iñaki Garmendia Alberdi. Omenduak: Mari Fé Lucas Moral, Rosi Arbona Goienetxea, Iñaki Imaz Etxeberria eta Ana Munduate Iruretagoiena. Gero, balkoi apaintze lehiaketa, eta trikitixa Kaxkoan zehar.
14:00, Bazkari herrikoia, Plaza Berrin.
16:30, Karta-jokoak, Andre kalean. Bikoteak: mistoak edo bi emakumez osatutakoak.
16:30, Toka, igela eta botea, Kale Nagusian.
17:00-19:00, Puzgarriak eta eskulanak, Plaza Berrin.
18:00, Txokolatada, Plaza Berrin.
20:00, Sari-banaketa: kartak, jokoak eta balkoi ederrena.
20:00-22:00, Sardin-jatea.
22:30, Txupinazoa, jaiari bukaera emateko.