Tortilla lehiaketa, afaria eta suak, plazan

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 15a, 02:00

Karmen Eguna da bihar, eta ohi bezala, Karmen bezpera ospatuko dute gaur, Goizuetan. Herriko plazan elkartuko dira, eta eguraldi txarra eginez gero, goiko Pilota Plazara mugituko dira. Batean edo bestean izan, patata tortilla lehiaketarekin ekingo diote herritarrek, arra­tsaldeko 19:00etatik 20:0etara. Parte hartzeko, aurrez eman behar zen izena, eta apuntatu direnek, zartaria, sua, olioa eta beharrezko tresnak era­man beharko dituzte. Udalak emanen dizkie gatza, tipula bat, patata kilo bat eta 12 arrautza, beste osagairik ez baita onartzen. Koadrilaka edo binaka ere hartuko dute parte zenbaitek!

Herri afaria, norberak eramandakoarekin
Eta lehiaketaren ondoren, herri afaria eginen dute, 20:30etan hasita, norberak eraman­da­koarekin. Udalak jarriko ditu mahai eta aulkiak, plasti­koz­ko platerak, basoak, tenedoreak eta labanak. Eta edariak ere bere kontura! Ardoa, sagardoa edota freskagarriak aukeran.
Eta bukatzeko, suak piztu­ko dituzte plazan bertan, ilun­tze­ko 21:30ak aldera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!