Bi eguneko festa aurrenekoz, Kaxkoa kirolez, jokoz eta musikaz janzteko

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 14a, 02:00

Etzi izango da Karmen Eguna, eta horrekin batera, bueltatuko da jai giroa, Kaxkora. Karmen jaiak ospatuko dituzte, baina aurten aurrenekoz, bi eguneko festa prestatu dute: bihar hiru ekintza, berotzen hasteko; eta etzi egun haundia.
Kirola eta musika izango dira protagonista, jaien aurre­neko egunean. Goizean, bikote mistoak ariko dira lehian Tilo­setan frontoian: esku pelotako bi partidu, eta palako beste bi. Arratsaldean, berriz, Pana par­keko skate pistara mugituko dute festa, Skate Karmen Txa­pelketaren bigarren edizioa­re­kin; bukaeran, hanburgesak prestatuko dituzte, partehar­tzaile eta lagunentzat. Eta egu­na bukatzeko, herriko lau musika taldek joko dute ilun­tzean, Tilosetan: Tardes Ton­tunas, Daka Issawa, Hartz eta Biersbreaker.

Juan Carlos eta Iñaki Garmendia, alkate berriak
Baina igandeak bilduko ditu, Karmen Eguna izanik, urte­roko zita nagusi gehienak. Ho­rre­la, mezaren eta dianaren ondoren, eguerdiko 12:00etan botako dute txupinazoa, eta bi alkate berri izendatuko dituzte: Juan Carlos eta Iñaki Gar­men­dia Alberdi. Eta segidan, beste  lau merkatari ohi omenduko dituzte: Mari Fé Lucas Moral, Rosi Arbona Goienetxea, Iñaki Imaz Etxeberria, eta Ana Mun­duate Iruretagoiena.
Balkoi apaintze lehiaketa izango da aurten ere, eta beraz, koloretsu jarriko dute Kaxkoa, herri bazkariaren garaia iris­terako. Eguerdiko 14:00etan izango da, Plaza Berrin, eta tiketak salgai dauzkate Jaione Konjelatuak dendan, Oindi eta Aralar tabernetan, eta Miguel Lujanbiok berak.

Jokoen ondoren, sardin-jatea
Bazkalostean, jokoen txanda izango da Kaxkoan: kartetan ariko dira Andre kalean, eta tokan, igelan eta botean, Kale Nagusian. Haurrek, berriz, puz­garriak, eskulanak eta txoko­la­tada izango dituzte.
Eta jokuen eta balkoi ede­rre­naren sariak banatu ondo­ren, sardin-jateari egingo dio­te bidea, afalorduan, aurtengo jaiei bukaera emateko.

 

BIHAR, uztailak 15
11:00, Bi esku pelota eta beste bi pala partidu, Tilosetan.
16:30-19:00, II. Skate Karmen Txapelketa, Pana parkeko skate pistan.
20:00-23:00, Hernaniko musikarien kontzertua, Tilosetan.

ETZI, uztailak 16
09:00, Meza Agustindarren elizan, Kaxkoko hildakoen omenez.
09:30, Diana.
12:00, Jaien hasierako txupinazoa. Alkateak: Juan Carlos eta Iñaki Garmendia Alberdi. Omenduak: Mari Fé Lucas Moral, Rosi Arbona Goienetxea, Iñaki Imaz Etxeberria eta Ana Munduate Iruretagoiena. Gero, balkoi apaintze lehiaketa, eta trikitixa Kaxkoan zehar.
14:00, Bazkari herrikoia, Plaza Berrin.
16:30, Karta-jokoak, Andre kalean. Bikoteak: mistoak edo bi emakumez osatutakoak.
16:30, Toka, igela eta botea, Kale Nagusian.
17:00-19:00, Puzgarriak eta eskulanak, Plaza Berrin.
18:00, Txokolatada, Plaza Berrin.
20:00, Sari-banaketa: kartak, jokoak eta balkoi ederrena.
20:00-22:00, Sardin-jatea.
22:30, Txupinazoa, jaiari bukaera emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!