Iritziak jasotzeko fasea itxita, zein izan da zure ekarpena?
Udalbiltza da udal eta hautetsien bilgune bat, partzuergo bat, eta udal eta hautetsiak dira gure antolaketa juridiko instituzionalean elementu garrantzisu bat; zazpi lurraldeetako instituzio edo kargu komuna. Zentzu horretan potentzial haundia dauka, eta prozesu honek lagunduko digu finkatzen datozen urteetako nondik norakoa eta haunditzen, hautetsien atxikimenduak.
Lizarra-Garaziren ondorengo giro baikorra izan zuen lagun Udalbiltzak, sorreran, eta bake eta normalizazio politikoaren garaia dugu hau. Herritarren aktibazioan laguntzen du?
Bizi dugun egoera politikoa oso interesgarria da. Euskal Herria hiru egitura juridiko administratibotan banatzen da. Hiri Elkargoaren sorrerarekin, Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroak historian lehen aldiz sujeto politiko propio bat osatzen dute. Nafarroan, bestalde, 2015eko hauteskundeetako aldaketa politikoarekin, Euskal Herria sujeto politiko gisa onartzen duten alderdiak nagusi dira, eta EAEn, Gasteizko Legebiltzarra, erabakitze eskubidearen aldeko gehiengo batek osatzen du. ETAren armagabetzeak ere, ekarri dezake posizionamendu politikoak hurbiltzea eta harreman politiko instituzionalak erraztea. Hala ere, Udalbiltza, alderdiena baino, hautetsiek eta udalek osatutako partzuergoa da, eta herrietan eta eskualdeetan egiten dituen proiektuekin errazago iristen da zinegotzi eta herritarrengana.
2003ko ilegalizazioa gainditu eta 2012an dinamika berreskuratu zuenetik, zein proiektu garatu ditu?
Zuberoa Lantzen, Euskal Curriculuma, Karta Soziala... Eragina izan zuten. Orain, azpimarragarrienak Hurbiltzen edo Pirinioetan Lan eta Bizi dira. Batak herrien arteko senidetzeak bultzatzen ditu, eta helburua da euskal herritar komunitate desberdinak elkar ezagutzea eta horrekin Euskal Herriaren kohesioa lantzea. Bestearekin, 2014 eta 2015ean dirulaguntza deialdiak egin ziren Pirinioetako bi aldeetako herrietan egitasmoak garatzeko. Helburua zen bertan tokiko garapena eta bizimodua antolatzeko eta jarduera ekonomiko eta soziala bultzatzeko jarduerak bideratzea. Bestetik, Ikerbiltza dago; Euskal Herriko unibertsitate gehienekin harremana daukagu, kurtso bukaeran ikasleek egin behar dituzten lanak udaletako beharrekin lotzeko. Hernanin, adibidez, Ikerbiltzaren bitartez herriko energiaren auditoria egin genuen.
Herritarrenganaino iristea lortu al da, azken urteetan?
Udalbiltzan Bagagiltza gogoeta prozesu honetako ondorio nagusiak oraindik ez baditugu ere, egia da atera den gaia dela desberdina dela Udalbiltzarekiko ezagutza, zonaldearen arabera. Edo Udalbiltza zer den bai; askok lotzen dute garai bateko proeiktuekin edo Euskal Herriko zazpi probintziak lotzen dituen lotzen dituen instituzio publiko bakarra izatearekin, baina ez dute jakiten zer egiten duen. Aldiz, proiektuak garatzen diren zonaldeetan ezagunagoa da. Udalbiltzak ez du modu bateratu edo homonegeo batean egin lan Euskal Herrian, eta horren arabera ezagutza desberdina da..
Udalbiltzako gobernu kide zarenetik, 2016tik, hainbat eragilerekin biltzeko eta akordioak bultzatzeko aukera izan duzue. Zein da egoera?
Azpimarratzekoa da Udalbiltza dela Euskal Herri mailako instituzio publiko bakarra dela. 2015ean Urquijok 17 udalek erakutsitako Udalbiltzarekiko atxikimenduekiko kontra egin zuen, baina epaiek esan zuten partzuergoa ondo eratutako instituzio publiko bat dela, eta hori inportantea da; judizialki berme hori daukagu. Horrela, 2016an nazio gobernu berria aukeratu zenean, planteatu genuen harreman instituzionala lantzea Euskal Herriko beste elkarteekin; EUDEL edo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin. EAEn, hiru Aldundiekin ere harremanak izan ditugu eta baita hiru hiriburuetako alkateekin ere. Akordio zehatzei dagokienez, iaz Gasteizko Udalarekin egindakoa garrantzitsua da, eta planteatzen ari gara hiru lurralde administratiboetako instituzio nagusiekin elkartzea.
EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea sustatzeko akordiora iritsi ziren iaz EH Bildu eta EAJ. Horrek lagundu dezake Udalbiltza? Eta alderantziz?
Udalbiltza ez dute alderdiek osatzen; udal eta hautetsiek baizik, eta gure erronketako bat da Udalbiltza ahalik eta anitzena eta zabalena izatea. Gaur egun kolore politiko ezberdinek gobernatutako udalek osatzen dute, eta kolore ezberdinetako hautetsiek. Lanean segi behar dugu ahalik eta anitzena izaten. Udalbiltza eta EUDEL desberdinak dira; lan eremua (Euskal Herria edo EAE) eta programak ere bai. Hori argi dauakgu, baina ikusi dugu elkarlana egin daitekeela, eta bide hori jorratuko dugu.
Udal gehiagoren atxikimendua lortuko du Udalbiltzak?
Momentu honetan, 75 udal eta 1.000tik gora hautetsik osatzen dugu partzuergoa. Gero eta gehiago gara, eta inportantea da, eta gero eta anitzagoak izatea ere inportantea da, azkenean, hautetsiok eta herriko etxe edo udalok baikara Euskal Herriko lurralde eta egitura juridiko politiko administratibo ezberdinetan gauden instituzioak.
Zein erronka ditu Udalbiltzak etorkizun labur-ertainean?
Oraintxe, erronka da prozesu hau burura eramatea. Udaran ekarpenak aztertu, eta kalkulatzen dugu urrian deituko dugula nazio batzarra, material honekin zer egin erabakitzeko. Aurreratu daitekeena da Udalbiltzaren printzipioak aztertu, berrantolatu eta osatu direla, baina ez direla kuestionatu. Helburu nagusiak, koiuntura politiko berri honetan ere, dira Euskal Herriko lurralde guztiak batzea, herritarren arteko harremanak sendotzea eta garapen sozioekonomiko integral baterako egitasmoak martxan jartzea. Eta baita ere, Euskal Herria, herri eta sujeto politiko propio bezala, nazioartean kokatzea, harreman instituzionalekin, herri eta estatuekin eta estaturik gabeko herriekin.