Kalean da Astigarraga 2017 aldizkaria, Astigar kultur elkarteak argitaratzen duen 36garrena. Eta oraingoan, Baserri bizia da gaia eta mezu nagusia, «baserriaren garrantzia aitortu eta sustatzeko». Horrela, aldizkarian jaso dute Elena Etxeberriak Taula baserrian egiten duen «lan nekaezina».
Herriaren historiari dagokionez, Ergobiako ontziolari, herrian izan diren dantzari taldeei eta Ubegi baserriaren tolare ardatzari egin diete tartea. Eta bizitza sozialaren adierazgarri, Arantxa Tapia eta Nekane Arzallus elkarrizketatu dituzte, besteak beste.
Eskuragarri, komertzioetan
Dagoeneko eskuratu daiteke aldizkaria, herriko hainbat komertziotan: Valella eta Rosa okindegiak, Mamen janaridenda eta Kaizoku taberna. Borondatea eskatu dute, baina gogorarazi dute, 3 euro inguru kostatzen dela ale bakoitza inprimatzea. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiete, aldizkarian parte hartu dutenei.