Hernaniko 2017ko txotx denboraldiaren balorazioa egin du Txotx Mahaiak, Udalak, Berriak elkarteak, Kaxko elkarteak, sagardogileek eta Behemendik osatzen dutena. Eta azaldu dutenez, «hobetzeko arlo batzuk badaudela onartuta ere, txotx denboraldia, oro har hartuta, positiboa izan da herriarentzat».
Izan ere, nabarmendu du eragin positiboa daukala herriko ekonomian, lan kontratu berriak sortuz, salmentak igoz... «Eta ezin dugu ahaztu, langile horien atzean familiak daudela, herriko familiak batez ere», azpimarratu du.
Arazoak konpontzeko, hainbat neurri martxan
Baina aldi berean, Txotx Mahaiak onartu du, eragozpenak ere sortzen direla txotx garaian, «Hernanira etortzen diren pertsona batzuen jokabide okerrak eraginda, batez ere».
Zentzu horretan, azaldu dute beraien erronketako bat dela «arazoak konpontzeko pausoak ematen jarraitzea», eta orain arte hartutako neurriak zerrendatu dituzte: «Udaltzaingoa, garraio publikoa eta garbitasun zerbitzuak indartu ditugu; araudia zorrotz betetzeko konpromisoa hartu eta bete dugu; sentsibilizazio kanpainak babesten jarraitu dugu; soinuaren neurketa egin dugu, eta emaitzen zain gaude; eta sagarra eta sagardoaren kultura ezagutarazteko eta sustatzeko ekimenak sortu eta bultzatu ditugu».
«Aurten ez da arazorik izan tabernen itxiera orduekin, eta kaleko beira kopurua asko jaitsi da, desagartu ez bada ere»
Neurri horiekin, «hainbat hobekuntza» lortu dituztela ere adierazi dute: «aurten ez da arazorik izan tabernen itxiera orduekin; kaleko beira kopurua asko jaitsi da, desagertu ez bada ere; kaleko pixak saihesteko neurriak hartu ditugu, komun gehiago jarriz, iaz baino isun gehiago jarriz, eta Kaxkoko eraikinen paretetan likido berezi bat emanez garbiketa errazteko, emaitza ona izaten ari dena; sagardotegietara joan-etorria egiteko autobus eta taxi kopurua haunditu dugu, eta onurak ekarri ditu horrek; eta kaleen garbitasunerako, iaz indartu zen zerbitzua mantendu dugu, eta Berriak elkarteak bi langile kontratatu ditu tabernen inguruko zikinkeria biltzeko; horri esker, kaleak garbi egoten dira igande goizetan, normalean».
Hausnarketa guneak, «jende pilaketek sortzen dituzten kalteak konpontzeko»
Azkenik, eta balorazio orokorra positiboa izan bada ere, adierazi du larunbatetako jende pilaketak «kalte garrantzitsua» sortzen diela bizilagunei, eta hori konpontzeko hausnarketa guneak abiatuko dituela aurreratu du Txotx Mahaiak.