HERNANIK bi puntu berresku-ratu behar ditu edota puntua eta zazpi segundoko tartea, Arraun Lagunak-ekiko,, Euskotren Ligara sailkatu nahi baldin badu. Maialen traineruak 5garren amaitu zuen atzo Orion 11:04 denborarekin eta lau sailkatzen dira. Arraun Lagunak (10:58) izan zen laugarrena sei segundoko aldearekin. Bien artean berdinketa balego denboren batuketa hartzen da kontutan eta horrexegatik, Hernanik zazpi segundoko aldea kentzen badio Donostiako taldeari Ligara sailkatuko litzateke.
Lehen jardunaldian Hibaikak (10:37) egin zuen denborarik hoberena eta San Juan (10:40) izan zen bigarrena. Hirugarren Orio izan zen (10:53). Deusto (11:08) sailkatu zen seigarren eta bere aukerak ditu sailkatzeko. Hortik atzera besteak urruti daude. Hernaniarrek gaur mota desberdineko estropada dute. Donostiako estropada erabakiorra 11:30etan hasten da Kontxako Badian.