Erraustegiaren aurkako gose grebaren digestioa

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 9a, 02:00

Jada pasa dira egun batzuk sei herritarrok, tartean bi hernaniar, Donostiako Easo plazan erraustegiaren gezur handiaren aurkako gose grebari bukatu genuenetik. Gure lanak, familiak eta etxeak utzi eta astebetez aire garbia eta osasunerako eskubidea aldarrikatu dugu.
Izan ere nazioarteko ikerketa zientifikoek diotenez, hainbat osasun arazo eta minbizi motek nabarmen egiten du gora bereziki erraustegitik 20 kilometroren bueltan. Esaterako garuneko minbiziak bikoiztu egiten dira, hezurretakoak eta malformazio kongenitoak hirukoiztu. Heriotzak %13 inguru gehitu ohi dira. Kaltea handiagoa da haurrengan. Lurra eta gure ondorengoak kaltetzeaz gain, 35 urterako zorrera kondenatu nahi gaituzte.
Hau bereziki larria da egitasmo hau ekiditeko alternatiba badagoelako. Askoz lanpostu gehiago sortzeaz gain, nabarmen merkeagoa eta osasuntsuagoa da eta Europatik datozen irizpideekin ere bat dator. Gipuzkoan gainera urrats garrantzitsuak eman dira bide horretan.
Datu hauek guztiak eta gehiago esku artean izanda, nola liteke erraustegiaren egitasmoarekin jarraitu? Erra­us­tegia eginez gero diru publiko izugarri jasoko du­ten gutxi horientzat gobernatzen duten politikariak ote ditugu Foru Aldundian? Ez al lukete guztion onurarako aritu behar?
Pozgarria izan da hainbeste jenderen babesa jaso­tzea. Herritar askorekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta berriro ere ikusi dugu informatua dagoen herritarrak ez duela erraustegirik nahi, gutxiago etxe ondoan. Baina hau Foru Aldundiko agintariek ere badakite, horregatik ari dira etenik gabe, informazio ezkutatzen eta aurkako protestak isil­tzen.
Agintari hauek herritarrek etsitzea nahi eta espero dute.  Oker daude, gu guztion eskubideen alde ari gara eta ez dugu hain erraz etsiko. Telazko banderolak 8 eurotan lortu daitezke Lurrekon. Besarkada eta animo handiak guztientzat.  Zubietako erraustegia gelditu!


Irantzu Jauregi Artola eta Iñaki Armendariz Illarramendi
Easo Plazako Grose Grebalarien izenean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!