Hernaniko nesken traineruak, urteko bi zitarik garrantzitsuenetakoak ditu asteburu honetan. Euskotren Ligako sailkatze estropadak jokatuko dira bihar eta etzi, Orion eta Donostian. Maialen traineruak lau onenen artean sailkatzea izango du helburu. Hori lortuz gero, nahiz eta uztaila hasieran egon oraindik, urteko lehen helburu nagusia beteko luke, eta denboraldia bikaina litzateke jada.
Lehen sailkatze estropada bihar jokatuko da Oria ibaian, Orion bertan. Lehendabizi mutilak ariko dira lehian, 17:30etatik aurrera, eta behin beraiek amaituta, nesken txanda izango da. Beraz, 19:00ak aldera hasiko dute lehenengo estropada hori.
Bigarrena Donostian jokatuko da, igandean 12:00etan. Horretan, neskek hasiko dute estropada, Euskotren Banderarekin. Ligara sailkatzeko puntuak banatuko dira bi jardunaldietan, eta puntu gehien biltzen dituzten lau traineruak sailkatuko dira. Laugarren postuan puntu berdinketa egonez gero, denboren batuketak erabakiko du nor sailkatuko den. Esan behar da, bi estropadak, nahiz kanporaketak izan, Ligako sailkapen nagusirako puntuagarriak ere izango direla.
Cabo da Cruzen maila, ezezaguna
Ez dute lan erraza izango hernaniarrek, arerio gogorrak baitaude. Oraingoz, Gipuzkoako Ligako bost estropadetan hartu du parte, eta emaitza oso onak lortu dituzte, beti laugarren edo bosgarren amaituz; baina Euskotren Ligako sailkapenean, arerio berriak izango dituzte.
Euskal Herriko ohiko traineruei, Cabo da Cruzeko txalupa galiziarra gehitu behar zaie. Galiziarrek maila oso ona edukitzen dute ia urtero, baina aurtengo urtean emango duten neurria ezezaguna da. Hernanin bertan badaude arraunlari galiziarrak, eta beraiek esandakoak dira erreferentzi bakarrak.
Galiziarrak kontutan hartu gabe ere, badaude nahiko aurkari gogorrak. San Juan eta Hibaika besteen gainetik dabiltza, eta ez lukete sailkatzeko arazorik izan behar. Gero Orio dator, eta ondoren oso segundu gutxira eta oso segundu gutxitan ibiltzen diren Hernani, Arraun Lagunak eta Deusto. Donostiarra ere ez da ahaztu behar, orain astebete laugarren postu bat lortu baitzuen.
Oraingoz, Hernani izan da traineru horietatik erregularrena, eta sailkatze estropada bi jardunalditara jokatzen da. Horrek, Maialen jartzen du pronostikoetan laugarren bezala, baina neska hernaniarrek ez dute presarik.
Orio bera ere ez dago urruti, eta edozer gerta daiteke hirugarren postutik aurrera. Sailkatzea da helburua, baina ez lortzea dezepzio txiki bat izango litzateke arraunlarientzat; hori bai, inondik inora ere ez litzateke porrota izango.
Orio eta Donostian parte hartuko duten traineruak, ondorengoak izango dira: San Juan, Hibaika, Orio, Cabo da Cruz, Hernani, Arraun Lagunak, Donostiarra, Deusto, Lea Artibai eta Portugalete.
Asteazkenean Getarian, Gipuzkoako Txapelketa
Atsedenarako ordu gutxirekin, asteazkenean, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Getarian, arratsaodeko 18:00etan. Beteranoak, emakumeak eta gizonezkoak ariko dira bertan.
Nesketan, sei traineruk egingo dute arraunean, txapelketaren bila: Hernani, Orio, San Juan, Hibaika, Donostiarra eta Arraun Lagunak.