Hernani Musika Eskolako txistulariek, Soinuenea Fundazioarekin elkarlanean, kontzertu berezia antolatu dute bihar, arratsaldeko 19:30etan hasita, Milagrosan. Salamancatik dator bisita, bertako Instituto de las Identidadeseko gaita y tamboril ikasle eta irakasle talde batekin.
Ángel Carrilek zuzentzen zuen Centro de Cultura Tradicional zelakoaren oinordekoa da Instituto de las Identidades de la Diputación de Salamanca, eta probintziako izaeraren ikurrak berreskuratu, gorde, ikertu eta zabaltzeko lanetan ari da; tartean, eta ez maila apalean, hiru zuloko flauta (han gaita deitua) eta danbolina.
Gainera, institutu honen jatorria da, 1974ean Pilar Maidaganek sortu eta zuzendu zuen Escuela de Tamborileros egitasmoa; eta gaur egun, Salamancaz gainera, probintziako beste zazpi herritan ari dira danbolinteroen musikak lantzen.
Saio berezia prestatu dute Hernanirako
Salamancako Diputazio Probintzialaren Instituto de las Identidades delakoan ari den ikasle taldeak, saio berezia prestatu du Hernanirako, probintzia horretako abesti, dantza eta gaita zein danbolinerako musikaz osatua.
Danbolinaren doinuekin, biko, hiruko edo bosteko erritmoak dantzatzen dituzte, ahots batean kalejirak, jotak, alboradak, charradak, eta bestelakoak jotzen, eta gaita izeneko hiru zulotako flauta eta danbolinaz gainera, pandero laukiak (Peñaparda herrikoak), panderetak, kastainuelak, zartagiak eta bestelako tresnak ere astintzen.
Taldea osatzen dute, Salamanca probintziako herri ezberdinetako hogei bat lagunek; afizio batek bildu ditu, Salamancako Diputazio Probintzialak babestu du egitasmoa, eta Manuel Pérez Becerro maisuak zuzendu.
Milagrosako kontzertu hau, aurreneko atala izango da, hiru eskolen arteko elkartrukean; Hernani eta Oiartzungo musika eskolek, Salamancako institutuarekin burutuko dutena, hain zuzen ere.