2018ko aurrekontuei begira, Aurrekontu Irekiak izeneko ekimena jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi hilabete, «gipuzkoarron proposamenak jasotzeko», eta Astigarraga izan du azkenekotariko geltokia. Sagardogileekin bildu zen bertan Joseba Muxika Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzako zuzendaria aurreko astean.
Garraio publikoak, turismoa eta dirulaguntzak, hizpide
Muxikak Foru Aldundiaren proposamenak eta erronkak azaldu ondoren, sagardogileen ekarpenak entzuteari ekin zion. Horien artean, garraioari buruzkoak izan ziren asko: «garraio publikoak gehitzea sagardotegien inguruan, bai egunean, bai gauean, tokiko merkataritza eta ostalaritzarentzat oro har positiboa delako; lurralde osoan ere garraio publikoen maiztasuna handitzea, batez ere, asteburuan gauean, Donostiara joateko adibidez; edota sagardotegien seinalizazioak hobetzea eta baimentzea, bezeroak zailtasunak baitituzte ailegatu ahal izateko», azaldu du Foru Aldundiak prentsa-ohar bitartez.
Dirulaguntzen beharra ere atzeman zuten, «sektoreak aurrera egiteko industriaren eta teknologiaren beharra edukiko duelako».
Turismoaren ikuspegitik, «sagardoaren kulturari inguruan ekimen berritzaileak martxan jartzeko aukera ere aipatu zuten, bisitariak erakartzeko
egiten duten ekarpena goraipatuz».
Elkarlanerako, prest
Behar horiei erantzuteko, Muxikak «elkarlanean» dutela agindu zuen, baita «bileran azaldutako premia horien inguruan aukera berriak aztertzeko ere». Hori horrela, topaketa «oso aberasgarritzat» jo zuen, eta eskertu zuen bertaratutakoen jarrera.