Ainara Azpiazu Aduriz Axpi ilustratzaile hernaniarrak eta Paula Estévez del Diego donostiarrak egindako Arraroa albumak irabazi du aurtengo Etxepare saria. Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan, eta saritutako lana Pamiela etxeak argitaratuko du, euskaraz, aurtengo udazkenean.
Haurrentzako albumak saritzen dira Etxepare lehiaketan. Nafarroako hogei toki entitatetako euskara zerbitzuek antolatutako ekimena da. 2006an jaio zen sariketa, eta harrez gero urtero egin da, 2012an izan ezik.
Lan irabazleak istorio hau kontatzen du: haur batek gaurko gizartearen aniztasunari erreparatzen dio bere etxeko leihotik. Neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten dizkigu eta modu sinple bezain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argazkia, biñeta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea agerian utziz.
«Lan ausarta eta grafikoki interesgarria da. Album ilustratuaren definizioari trebeki heltzen dio, testua irudiaren bidez osatzen da, eta baita alderantziz ere. Tonua album guztian mantentzea lortzen du, azkenean liburu orekatua lortuz. Album ilustratu honek estereotipoak alboratzeko proposamen umoretsua eskaintzen digu eta, aldi berean, irakurleoi gogoeta egiteko aukera helarazten» adierazi zuten epaimahaikideek.
Axpik dioenez «azpimarragarriena da, istorioa ez dela hitzen bidez bakarrik kontatzen, baizik eta testu eta irudiek osatzen duten jolasean sortzen dela. Irudiak narratiboak izan ohi dira, eta ez dira testuak deskribatzen duenaren dekoratzaile hutsak, baizik eta beren kabuz zerbait kontatzen dute. Honela, album baten irakurketan testua eta irudia elkarren osagarri dira eta irudiak ezinbesteko pisua hartzen du».
Lehendabizikoz BIKO-TEKA
Aurten, lehendabizikoz, BIKO-TEKA izeneko deialdi bat egin zuten Etxepare Sarira aurkezteko moduko proiektuak lantzeko. Bertan, hiru egunetako ikastaro batean parte hartzeko aukera eskaintzen zen eta Harkaitz Cano idazle eta Aitziber Alonso ilustratzailearen laguntzaz proiektuak bideratzen hasteko aukera ematen zen.
«Idazle bezala aurkeztu naiz lehen aldiz»
«Deialdi honetan beharrezkoa zen idazle edo ilustratzaile aurkeztea, eta nik ilustrazioaren alorra oso landua nuenez eta kajoiean neronek idatzitako proiektutxo batzuk ditudanez, idazle bezala aurkeztea bururatu zitzaidan, ikastaroari zuku gehiago aterako niolakoan. Honela, idazle bezala aurkeztu eta BIKO-TEKA deialdian helburua bikoteka lan egitea zenez, Paula Estevezekin jarri ninduten lanean, ni testuen arduradun eta bera ilustrazioena». Horrela sortu zen Arraroa liburua, «ikastaro horretan izandako elkartrukeetan egitura orokorra finkatu, eta gero etxean norberak gure lanak bukatu genituen, gero Sariketara aurkezteko lana. Eta egia esan oso pozik nago, hamalau liburutik gora ilustratu ditudan arren sekula ez nuen testurik publikatu eta hau izango da nire lehen aldia».
Axpiren esanetan «iruditzen zait ilustratzaile izateak lagundu duela testuari dagokion tokia ematen, eta oso deskriptiboa ez egiten, gero irudiak esango zituen gauzak ez errepikatzeko, eta jolasa sortzeko bi hizkuntza horien artean, istorioaren mesedetan».