Etxez etxeko laguntza eta zaharren egoitzako sukalde zerbitzuen kontratuak berritu ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 2a, 02:00

Bi kontratu publiko berritu dituzte egun hauetan, Herna­niko Udaleko Zerbitzu Sozialek: etxez etxeko laguntza zerbitzu­arena, eta zaharren egoitzako sukalde zerbitzuarena.
Udalak azaldu duenez, lan baldintza hobeak izango dituz­te orain, zerbitzu horiek eman­go dituzten langileek. Izan ere, klausula sozialak sartu zituen, bi kontratazio horien pleguetan.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua, Eulen enpresak
Eulen enpresa izango da, lehia­keta irabazita, etxez etxeko laguntza zerbitzua eskainiko duena. Pleguetan ezarritako betebeharrei esker, «50 langileri baino gehiagori hobetuko dizkie lan baldintzak», Udalak azaldu duenez. Eta bi nabarmendu ditu: soldataren igoera eta lanaldiaren murrizketa.
Izan ere, 2017an %3,5 igoko die soldata, 2018an %2, eta 2019 eta 2020an KPIa (%1eko igoera bermatuta izango dute). «Eslei­pen berria martxan jartzean, lanaldi osoan dagoen langile batek ia 600 euro gehiago ko­bratuko ditu 2017an, eta beste 350 euro gehiago 2018an. Bi ur­tetan, ia 1.000 euro gehiago», nabarmendu du Udalak.
Lanaldiaren murrizketari da­gokionez, berriz, adostu dute urteko lanaldia pixkanaka mu­rrizten joatea, 2020an 1.600 ordura iristeraino. «Eman­da­ko pauso honekin, zaintzara dedi­katzen diren langile horien lana, emakumeak guztiak, aitortu eta, hitzarmen kolektiboaren faltan, haien baldin­tzak hobetu dira», adierazi du.

Auzo Lagun Kooperatibaren esku, egoitzako sukaldea
Zaharren egoitzako sukaldea, berriz, Auzo Lagun Koopera­ti­bari esleitu diote Zerbitzu So­zialek. Horretarako, hiru irizpide nagusi hartu dituzte kontuan: kalitatea, gertutasuna eta ingurumena. 
Eskatu dute, batetik, kalitate estandarretako jakiak eta genetikoki manipulatu gabeko elikagaiak erabiltzea, ekologikoak izatea lehenetsiz. Bestetik, barazkiak eskualdekoak izatea, bertako nekazaritzaren aldeko apustua eginez. Eta azkenik, garraiorako erabilitako ontziak berrerabilgarriak izatea; eta debekatu die, besteak beste, modu agre­­siboan arran­tzatutako arrai­nekin sukaldatzea.
Sukalde horrek, egoi­tzari bakarrik ez, eguneko zentroari eta jangela sozialari ere ematen die zerbitzua, eta guztira, 229.556 otordu prestatzen ditu urtean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!