Urumea Berriko hitzarmen urbanistikoa (AIU-9 Ergobia Ibilbidea izenekoa) aldatzea onartu zuen Astigarragako Udalak, ekainaren 21ean egin zuen plenoan; eta aldaketa horri esker, kultur etxe haundiagoa, alokairu sozialeko etxebizitza gehiago, eta tren geltokira doan pasarela egin ahal izango dira, Alkatetzatik azaldu dutenez.
Duela 8 urte sinatu zuen hitzarmena, EAk eta EAJk osatutako Udal Gobernuak; eta orain onartu diren aldaketek, suposatuko dute «nabarmen hobetzea» hasierako hitzarmen hori. Zehazki, ahalbidetuko du 4.325 metro karratuko kultur etxea egitea (1.000 metro karratu gehiago); eta hotelaren eta bulegoen partez etxebizitzak egitea. Gehienez 100 etxebizitza gehiago eraikiko ditu promotorak, eta horietako 20 izango dira etxebizitza tasatuen erregimenean, eta beste 20 Udalaren jabetzakoak, alokairu sozialean emateko.
Alkatetzak nabarmendu du, hitzarmen honek bermatuko duela «herriaren hazkunde jasangarria».
«Herria zabaldu eta Urumea ibaira gerturatzeko aukera emango du hitzarmenak»
Izan ere, «herriaren beharrei erantzungo dien ekipamendu kulturala, alokairu sozialeko 40 etxebizitzako parkea eta inbertsioetarako diru sarrerak» ekarriko ditu.
Eta ahalbidetuko du, baita ere, «herria zabaldu eta Urumea ibaira gerturatzea, 45.000 metro karratuko parke flubial bat eraikiz. Parke horretatik abiatuko da, tren geltokia eta auzoa lotuko dituen pasarela», Udal Gobernu Taldeak jakinarazi duenez.
Zentzu horretan, nabarmendu dute «Astigarragaren garapena bermatu» nahi izan duela EAJk aldaketa honekin, «lehentasuna emanez interes publikoari, eta azpiegiturak eta zerbitzuak hobetuz herrian bizi garenontzat, helburu gisa hartuta lanean jarraitzea, bizi kalitate hobea izango duen Astigarraga bat lortzeko».