Familia osoarentzako plana antolatu du bihar Karabelekok. Auzolanerako deia egin du, goizeko 09:00etatik 13:00etara, etxaldean bertan: «bertako biodibertsitatea lantzeko ekimena burutuko dugu, Forest elkartearekin batera». Zehazki, bertako zuhaitz eta landare barietateak landatuko dituzte.
Azaldu dutenez, plan aproposa izango da, helduentzat zein haurrentzat, guztiei egokitutako jarduerak izango baitira. Tartean, gainera, luntxa izango dute, indarrak hartzeko.
Izena emateko aukera, telefonoz edo emailez
«Bioaniztasunaren aldeko egitasmo honekin bat egin nahi dutenek», bi aukera izango dituzte izena emateko: deitu 943 55 75 24 telefonora, edo emaila bidali info@karabeleko.org helbide elektronikora. Herritar guztiei luzatu diete gonbitea, animatu eta ekimenean parte hartzeko.