Ekainaren 24 eta 25ean iritsi ziren Hernanira, San Joan jaiak pil-pilean zeudela, udara herrian pasako duten bost neska-mutil sahararrek. Horietako hiru, aurreko urtean ere izan ziren Hernanin: Usama Selma Mohamed Lamin, Leila Abdi Embarek, eta Mohamed Uadadi Mohamed-Moulud.
Fatma Mohamed-Moulud, eta Hayat Salma Bad, berriz, aurrenekoz etorri dira; haiek hartu dituzten bi familiek ere, aurrenekoz hartu dute parte, Oporrak Bakean programan.
Harrera atzo, udaletxean
Bost haur sahararrei, atzo egin zieten harrera, Hernaniko udaletxean. Luis Intxauspe alkateak ongietorria eman zien haurrei, Udalaren izenean; eta eskerrak eman zizkien harrera familiei, beraien «prestutasunagatik» eta programa aurrera eramatea ahalbidetzeagatik.
Ondoren, luntxa izan zuten haurrek eta harrera familiek, eta dantzan ere aritu ziren.
Bi hilabete emango dituzte herrian, abuztuaren bukaerara arte. Maialen Torres izango dute begirale aurten ere, eta udaleku irekietan ibiliko dira, urtero bezala.