Hamar urte daramazkite hernaniarrek, San Joan jaiak erretratatzen, Kronikaren argazki lehiaketarekin. Eta aurten ere, herritar guztiei zabaldu die deia, beraien argazkiak bidaltzeko, festetako irudi berezi, eder, bitxi, ikusgarri, esanguratsu edota originalenekin. Eta saria lortzeko aukera izango dute!
Haurrentzat bi sari, eta helduentzat beste bi
Aurten, lau sari banatuko ditu Kronikak; helduentzat bi, eta haurrentzat (14 urtera arte) beste bi. Helduen kategorian, aurreneko saria izango dira sei ardo botila, Irizar Ardoaken eskutik: Viña Ardanza 2008ko erreserbako hiru botila, eta Viña Alberdi 2011ko kriantza hiru botila. Bigarren saria, berriz, bi lagunentzako otordua izango da, Akelenea jatetxean.
Eta haurren kasuan, aurreneko saria izango da buruarin bat, Tantairen eskutik, eta igerileku irekietarako bi sarrera, Udalaren eskutik. Eta bigarren saria, Doberak eskainitako ipuin sorta, eta igerileku irekietarako bi sarrera.
Argazkiak bidaltzeko aukera, asteazken eguerdira arte
Lehiaketan, edozeinek hartu dezake parte, baina argazkiak formatu digitalean entregatu behar dira, eta San Joan jaien ingurukoak izan behar dute.
Eekainaren 28ko eguerdiko 12:00ak arte egongo da epea zabalik: kronika@kronika.eus emailera bidalita; edo bulegora bertara ekarrita (Larramendi kalea, 11). Jakinarazi beharko dira, izena eta telefonoa; haurren kasuan, adina ere bai.
Irabazleen aukeraketa, irakurleen esku
Behin argazki guztiak jasota, argazki onenen aukeraketa bat egingo du Kronikako epaimahaiak; eta ikusgai jarriko ditu www.kronika.eus web orrian, asteazkenean bertan. Hortik aurrera, ikusleek bozkatuko dituzte argazki onenak, uztailaren 1eko 12:00etara arte; bakoitzak, lau argazki: helduen bi, eta haurren beste bi.