Erraustegiaren kontrako helegitea jarri dute Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalek

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 29a, 02:00

Helegitea jarri dute Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalek, Eusko Jaurlaritzak Zubietako erraustegia egiteko emandako baimenaren kontra; Inguru­men Baimen Bateratuaren (IBB) ebazpenaren kontra, alegia. Hala jaki­narazi zuten astear­tean, Usur­bilen egindako age­rraldian, hiru udaletako ordez­kariek. Eta helegitea aurkez­te­ko arra­zo­iak ere eman zituz­ten aditzera: «IBBaren ebazpena legez kontrakoa da, baimena iraungita zegoelako; 2010ean eman zen orduko errauste­gia­ren proiektua egiteko baimena, baina bi urteko iraupena zuen, eta bi urte horietan ez ziren lanak hasi», azaldu dute.
Eta gaineratu dute, «Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila erraustegiaren konplize» bihur­tu dela, «prozedurak bete gabe eman diolako IBBa».
2016ko apirilaren 11n eman zion baimena Ingurumen Sail­­buruordeak, Gipuzkoako Hon­dakinen Kudeaketa SAU enpre­sari, eta «aurrekariak ezagu­tuta», errekurtsoa aurkeztea erabaki zuten: «ikusi dugu, Eusko Jaurlaritzak automa­ti­ko­ki eman duela IBBa, proze­dura guztiak ahaztuta».

«Presaka eta korrika, ezkutuan eta modu ezegokietan aritu dira»
Hiru udalek gaineratu dute, «legea urratu» duela Jaurla­ri­tzak; URA agentziari txostena eskatu eta erantzuna jaso gabe eman duela baimena; ez dela legezko epea bete; eta beste txostenik ez duela eskatu. Eta adierazi du: «zergatik ibili da Ingurumen Saila presaka, 11 lanegunetan dena tramita­tze­ko? Garbi ikusi dugu, interes partidistei erantzun diela».
Zentzu horretan, kritikatu dute: «badakigu batzuentzat zein garrantzitsua den erraus­tegiaren proiektua. Edozein pauso emateko presaka eta korrika, ezkutuan eta modu ezegokietan ikusi izan ditugu EAJk eta PSE-EEk Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan di­tuzten ordezkariak. Orain­goan, Jaurlaritzako Ingurumen Saile­koak dira, erraustegia egiteko bidea erraztu dietenak».

«Kalte haundiak ekarriko dizkigu proiektu honek, eta beraz, ezin gara ixilik geratu»
Udal ordezkariek nabarmendu dute, «kalte haundiak» ekarriko dizkiola proiektu honek, «gi­puz­koarron osasunarentzako, ingurumenerako eta ekono­miarako; eta beraz, ezin gara ixilik geratu, Ingurumen Sailak egindako prozedura eta arau urratzeak ikusita».
Eta gaineratu dute: «gipuz­koarrok errespetua merezi dugu, eta berriro ere, erraus­te­giaren proiektua nola edo hala egin nahi dutenei esan behar diegu, ez gaudela geldi, eta gure herritarren eskubideak defendatzeko lanean jarrai­tu­ko dugula».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!