San Joan Konpartsa izan da aurten, jaietako protagonista nagusietako bat. Beraiek eman zieten hasiera jaiei, txupinazoarekin, eta baita bukaera ere, atzo gauerdian, banderak jaitsita.
Baina, noski, jaiei agur esan aurretik, urteroko zitari ere ez zioten hutsik egin, eta atzo arratsaldean atera zen konpartsa, Hernaniren historiako pasarte bat gogora ekartzera. Udaletxearen historia kontatu zuten atzokoan, eta horretarako, Bigarren Karlistadan kokatu zuten antzezlana; karlistek, Santiomenditik granada bat jaurtita, udaletxeko eraikina leherrarazi eta 27 herritar hil zituzten 1875eko urte hartan.