Bi urtez izan da Udal Gobernu Batzordeko kide, Orain Hernani udal taldeko bozeramailea, Jaione Aristregi. Baina «hausnarketa sakon bat egin ondoren», batzordeko kide izateari uko egin dio Aristregik.
Prentsa ohar baten bitartez azaldu ditu erabakiaren zergatiak, Orain Hernanik: «honen arrazoiak izan dira, Hernaniko alkateak eta bere Gobernu Taldeak dauzkaten jarrera autoritaroak», nabarmendu dute.
Eta gaineratu dute: «Orain Hernanik, legegintzaldiaren hasieratik, transparentzia eta informazioa eskatu dizkio Udal Gobernuari. Eskatu dio, baita ere, oposizioaren jarduera gauzatu ahal izateko araudiak betetzea, erraztasun gehiago ematea horretarako, eta informazio trukaketa egin ahal izatea udaletxean lan egiten duten pertsonekin, alkatearen baimena eskatu beharrik izan gabe. Baina egoerak onera egin beharrean, okerrera egin du; eta konprobatu dugu, gobernu honentzat oposizioa soberan dagoela», kritikatu dute, Orain Hernani udal taldetik.
«Oposizioa zuzenean kaltetzen duten erabakiak hartu ditu Gobernu Taldeak»
Zentzu horretan azaldu dute, azken hilabetean «oposizioa zuzenean kaltetzen duten erabakiak» hartu dituela Gobernu Taldeak; «aurrekontuen arauaren modifikazioa, esaterako», aipatu du Orain Hernanik.
«Sorpresaz deskubritu genuen, maiatzean Gobernu Taldeko zinegotzi baten dedikazioa igo zutela, %50etik %80ra. Dekretu bidez onartu zuten, Plenora eramatea saihesteko, modifikazio horrek oposizioko kide bati kalte egiten ziolako».
Orain Hernanik dio, hori izan dela erabakia hartzeko azkeneko harria: «argi geratu zaigu, transparentziarik ez dagoela, eta bai ezkutatzeko asko», leporatu dio alderdiak, Udal Gobernu Taldeari.