«Amiantoaren eraginez sortutako minbiziak beste langile bat hil du»

Kronika - Erredakzioa 2017ko eka. 26a, 02:00

Asteartean hil zen 69 urteko hernaniarra, «2017an Asvia­mie elkartearekin harrema­ne­tan zegoen amiantoaren 11garren biktima» dela azaldu du Asviamie, amiantoaren bik­timen euskal elkarteak. 
Biriketako minbiziak eraginda hil zen, «1962 eta 1989 ur­teen artean Hernaniko Men­dia-Gureola Scott paper fabrikan lan egitean amiantoarekin kontaktuan egon zelako». Asviamieren esanetan, «ez zuen jaso minbizia arriskuari buruzko informaziorik, ez eta arnas babeserako baliabiderik». 1989an Lan Der­ma­to­sia eta Lanerako Ezintasun Osoa medio, lanpostua aldatu behar izan zuen, eta 1993an lanetik bota zuten. Pasa den udan, «sindikatuen aholkularitzari esker», lanbidearen eraginez sortutako gaixotasunak eragindako lanerako ezintasun osoa lortu zuen, eta horrela, pentsioa hobetu zuen. Asviamiek azaldu du lanean segiko duela «erakundeen isiltasunaren aurrean, bereziki Eusko Jaurlaritzako osasun arduradunen aurrean».

AMR Refractarios Aristegi enpresari, 168.000 euroko zigorra
Hain zuzen, Asviamiek egindako borrokari esker, Krosaki AMR Refractarios SA (lehen AMR Refractarios Aristegi) enpresa zigortu du EAEko Auzitegi Gorenak, 2014an hildako langile baten familiari 168.759,6 euro eta interesak ordaintzera. 
Langile honek 1977 eta 1990 urteen artean egin zuen lan AMR Refractarios Aristegin, eta lanerako ezintasun osoa eman zioten biriketako enfisema baten ondorioz, «ohiko gaixotasuna zelakoan».
2014ko urrian hil eta bost hilabetera, Gizarte Seguran­tza­ko Institutu Nazionalak onartu zuen laneko gaixotasunak eragindako heriotza izan zela, eta Osalanen informearen arabera, «zarata giroak eta hautsak, baimentzen den muga gainditzen zuten. Enpresak ez zuen ebaluaziorik egiten eta ez zuen silizea ‘hauts geldo’ gisa onartzen».
Asviamiek «sententzia po­si­tiboa» dela dio, «nahiz eta ez den amiantoak eragindako he­riotza bat, AMR Refrac­ta­rio­seko langileek pairatu zituzten osasunerako kaltegarriak ziren lan baldintzen aurrean justizia egiten baitu, langileen osasunaren babesarekiko en­pre­sen utzikeriaren aurrean». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!