Makina bat txapelketa antolatu ditu Txantxangorri elkarteak, San Joan jaien bueltan; eta larunbat honetan egingo du azkena: Compack Sporting Txapelketa, Arkalen (Oiartzun).
Bosgarren edizioa izango du txapelketak, eta 25 plateretara jokatuko da. Bertan eman beharko da izena, 08:30etatik 09:00etara. Bukatzean, Santa Barbaran egingo dituzte luntxa eta sari banaketa.
«Arrakasta haundia», jaien aurreko probek
Jaien aurretik jokatu ziren bi txapelketek, «arrakasta haundia» izan zutela nabarmendu dute. Foso Unibertsaleko plater tiraketan, Hondarribian, 43 partehartzaile izan ziren, eta Oscar Redondo nagusitu zen, plater guztiak jota. Eta Pichon Colombairean, Urnietan, txapelketako errekorra bota zuten, 141 tiratzailerekin; Juan Manuel Zapiain nagusitu zen maila lokal-sozialean, eta Miguel Urrestarazu probintzialean.